SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE eta DIPC erakundeak Europako proiektu batean parte hartzen ari dira gaixotasunak diagnostikatzen

Urtarrilak 11, 2010

CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) EAEko ikerketa zentroak Nanoantenna izeneko Europako proiektu batean parte hartzen ari dira nanobiosentsore optiko berri bat garatzeko. Gaixotasunak diagnostikatzeko metodo ez erasokor bat izango da eta fluxu biologikoen proteinak detektatuko ditu horretarako.

Gaur egun erabiltzen diren detekzio sistemen aldean gailu horrek hobetu egingo ditu sentikortasuna, zehaztasuna, sendotasuna, erreproduzigarritasuna eta detekzio denbora, izan ere bere arkitektura berriari esker neurri zuzenak har baitaitezke erdi-bideko molekulekin markatu gabe.

Nanobiosentsorea sistema integratu bat da, nanopartikuletan oinarriturik dago eta bi osagai dauzka. Biohargailua da zehaztasun handiaren eta sentikortasunaren erantzulea, bertan gertatzen baita errekonozimendu molekularra eta bertan elkartzen baitira proteinak eta nanopartikula. Halaber, "transduktoreak" handitu egiten du detektatutako seinalea eta sentikortasun handiagoa ematen dio osotasunari, hots, nanoantenari. Diagnostikorako instrumentu berri honetan, beraz, konbinatu egingo dira nanoantena horiek eta Raman eta IR (infragorriak) espektroskopia bibrazionalaren bidez lortutako seinale zuzenak eta horrela, proteina anitzak detektatu ahal izango dira.

Detekzio teknologia berri honen garapena baliozkotzeko, proteinak erabiliko dira zenbait gaixotasunen biomarkagailu bezala identifikatu diren fluxu biologikoetan, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularretan, minbizi mota batzuetan (gibelekoa, obuluetakoa, bularrekoa) edo hepatitis C gaitzean.

Proiektu honetan, Valery Pavlovek zuzendatutako taldeak CIC biomaGUNE zentroan, besteak beste, nanoantenen funtzionamendua optimizatuko du funtzio biologikoetara egokitzeko; biohargailu bezala ongien egokitzen diren molekulak aukeratuko ditu gaixotasun batzuen biomarkagailuak identifikatzeko eta nanoantenak biofuntzionalizatuko ditu, ahalik eta zehaztasun eta sentikortasun handiena lortzeko.

Bestalde, Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeko Javier Aizpuruaren taldeak nanoantenen tamainen abanikoa zehaztuko du izan ditzakeen aplikazioetarako, eta kalkulu fisikoak ere egingo ditu nanoantenek egoera erreal desberdinetan izango duten erantzuna baloratzeko.

CIC nanoGUNE zentroko Rainer Hillenbrandek zuzendutako taldeak, aldiz, antena mota desberdinak ikertuko ditu eta horretarako, Esparru Hurbileko Mikroskopia Optikoa (s-SNOM) erabiliko du, nanoeskalako kartografiatua egin ahal izateko.

Europako bost herrialdetako 12 kidek eta herrialde elkartu batek (Israel) parte hartzen dute partzuergoan; gorago aipatutako hiru euskal zentroak dira partzuergoan parte hartzen duten Espainiako ordezkari bakarrak. Frantziako Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) zentroak zuzentzen duen proiektu hau hiru urtez luzatuko dela aurreikusten da eta 8 milioi euro inguruko aurrekontua dauka guztira. Konbergentzia teknologikoa, diziplina anitzeko lankidetza eta expertise osagarritasuna islatzen dituen eredua dugu honako hau, non, bazkide industrialez gain, medikuek, biologoek, kimikariek eta fisikariek ere parte hartzen baitute.