




BioBasque agentziako arduradun María Agirrek inauguratu du BioBasque News agerkariko elkarrizketen atal hau. Euskal bioeskualdearen ezaugarri nagusiak azaldu dizkigu solasaldian. Besteak beste, dibertsifikazioa, espezializazioa eta nazioartekotzea dira Euskal Autonomia Erkidegoko biozientzien sektorea sendotu izanaren arrazoiak.
Azken urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoa biozientziekin lotutako sektorea sortzeko gai izan da eta, gainera, handitzen joan da euskal ekonomian duen pisu espezifikoa. Nolakoa da sektore hori? Zein dira hurrengo urteetarako erronkak?
Hain zuzen ere, aldaketa nabariak gertatu dira 2002az geroztik. Oso presentzia txikia genuen hasieran, eta orain, berriz, bioeskualdetzat hartzen gaituzte; biozientzien munduan jokalari berritzat hartu gaituzte. Bi arrazoirengatik. Batetik, ikerlari kopurua ugaritu egin delako eta esparru horretako gaitasun zientifikoak zein teknologikoak handitu egin direlako. Horrek guztiak, halaber, nazioarteko proiektuetan presentzia handiagoa izatea dakar berekin. Bestetik, enpresa sektore berria sortu dugulako. Gaur egun, 70 bioenpresa baino gehiago ditu sektoreak, eta 305 milioi euro inguru fakturatzen ditu. Halaber, hainbat ezaugarri ditu: erabat berritzailea da, langileak oso kualifikatuak dira eta dinamismo bizia du -hala nabaritzen da enpresa berriak sortzeko gaitasunean, hiru hiletik behin konpainia berri bat sortzen baita-. Goi teknologiako sektorea da (patenteek babestua), dibertsifikatua, eta nazioartean espezializatutako nitxoetan bilatzen du lehiakortasuna.
Baina, era berean, sektore gaztea da eta, beraz, hurrengo urteetarako helburua sendotzea izango da. Erronka nagusiak enpresek dimentsio eta heldutasun handiagoa izatearekin daude lotuta, baita nazioartean hedatzearekin eta zorroan dituzten produktuak ugaritzearekin ere. Inbertitzaileen errentagarritasun eskariei erantzutea eta lehia handia duten profil profesionaletara txertatzea dira erronka horiei aurre egiteko oinarrizko faktoreetako batzuk. Eta, nola ez, garrantzitsua da gizartearengana iristea; izan ere, sektore berria den aldetik, oraindik ez baita oso ezaguna. Horrenbestez, ez da behar bezala baloratzen.
Biozientziak edo bizitza zientziak, ordea, aplikazio praktiko ugari ditu, eguneroko bizitzan eragiten dutenak. Ikusteko moduko zer emaitza ditu Euskadin esparru honetan egiten den lanak?
Aukera ikaragarri zabala da. Gure enpresa eta ikerlari gehienak osasun arazoak konpontzera daude zuzenduta. Hala, hainbat taldek gaixotasun neurodegeneratzaileak ikertzen dituzte (parkinsona edota alzheimerra, esate baterako), baina baita beste batzuk ere: esklerosi anizkoitza, depresioa, eskizofrenia, hainbat minbizi mota, diabetesa eta gaixotasun metabolikoak edota gaixotasun autoimmuneak. Euskal bioenpresa batean ekoitzi zuten familiako hiperkolesterolemia hautemateko CE markajedun praktika klinikoan erabiltzen den lehen diagnostiko genetiko sistema: Progenika enpresan, hain justu. Aitzindaria da medikuntza pertsonalizatuan. Bide horretan, beste hainbat enpresak gibeleko gaitzak diagnostikatzeko edota tratatzeko produktuak garatzen dituzte (gibeleko esteatosia, esate baterako), baita gaixotasun oftalmologikoak eta ginekologikoak ere. Era berean, ezin ditugu alde batera utzi farmako berriak garatzen dituzten enpresa farmazeutikoak eta haiekin batera lan egiten duten konpainiak.
Nabarmentzekoak dira, aurrekoez gain, medikuntza erregeneratzailearen, traumatologiaren eta dermatologiaren eremuan egindako berrikuntzak: aurreratutako inplante mota berriak, azkarrago orbaintzeko produktuak, hezurrak, kartilagoa edota azala berritzekoak.
Baina gure bizitzako beste alderdi batzuetan ere badago biotekonologia -batzuetan iraultza ikusezina deitzen diote, ez delako beti begien bistakoa izaten-. Esate baterako, gure jan-edanen kalitatea adierazten duten sistemetan, elikagaien segurtasunean izan daitezkeen arazoez ohartarazten gaituzte, animaliek kutsatutako gaixotasunak identifikatzen dituzte, kutsatutako urak eta lurzoruak garbitzen dituzte edota landare laborantzak hobetzen (nola elikagaiak -patata, kasu-, hala basoetakoak zein ornamentalak). Era berean, euskal enpresak dira kimika, kosmetika, ehungintza edota papergintza industriarako ekoizpen prozesu biologikoak garatzen dituztenak, batzuk aipatzearren.
Hau da, bioenpresek merkaturatutako produktuak, prozesuak eta zerbitzuak hainbat sektoretan daude, eta era askotako arazoei ematen diete konponbidea. Horregatik da hain handia biozientzien potentziala, sektore askoren lehiakortasunari eragiten diotelako –osasungintza barne–. Ikerketa batzuek -baita gureek ere- BPGren %20 inguru dela diote.
Egungoa bezain egoera ekonomiko konplexuan, krisialdi orokorrari aurre egiteko moduko sektore gutxietako bat biozientziena da, adituen arabera. Zergatik da uneotan hain garrantzitsua biozientzien aldeko apustua egitea edota egiten jarraitzea?
Egia da nazioarteko analisiek zein tokian tokikoek -Confebaskek eginikoek, konparazio batera- adierazten dutela biozientziek erresistentzia handiagoa dutela krisialdiaren aurrean, nahiz eta finantzaketa alorreko zailtasunak ere badiren sektore honetan.
Euskal Autonomia Erkidegoak biozientzien aldeko apustua egitea erabaki zuenean, jakin bazekien ehundura industriala dibertsifikatu behar zuela etorkizunean lehiakortasunari zein herritarren bizi-kalitateari eusteko. Azken urteotan agerian gelditu da erabaki zuzena hartu zuela; izan ere, dibertsifikazioa gertatzen ari baita eta, gainera, krisia krisi, sektore horrek hazten jarraitzen baitu.
Biozientzien aldeko apustua egiten jarraitzea errentagarritasun eta aukera kontua da; ez sektore askotan duen inpaktuagatik bakarrik, baita I+G+B oinarri duen eredu ekonomiko berriaren adibide paradigmatikoa delako ere. Goi mailako teknologia hornitzen du eta etorkizuneko aukera izateko deitua dagoela dirudi. Eta ziur gaude dagoeneko errealitate bihurtu den sektore honek jakintza, enplegua eta aberastasuna sortzen jarraituko duela Euskal Autonomia Erkidegoan.
Biozientzien sektoreak bere-berea duen ezaugarri bat nazioartekotzea da. Horren erakusle, hamaika euskal bioenpresa izan direla BIO Atlanta 2009 azokan, mundu osoko azoka bioteknologiko garrantzitsuenean. Zer emaitza espero ditu BioBasquek parte-hartze horretatik?
Enpresek ia sortzen diren une beretik lantzen dute nazioartekotze faktorea; izan ere, nazioartekotzea, lehiakortasunerako baldintza ez ezik, arrakasta seinale ere bada. Bioenpresa askok espezializatutako azoketara joanda ematen dituzte lehen urratsak, eta hala indartzen dute beren hazkundea. Alde horretatik, euskal bioeskualdeak orain urte batzuetatik hona hartzen du parte BIO azokan; euskal enpresa ugari bidaltzen ditu bertara. Eta emaitza onak lortzen dituelako jarraitzen du parte hartzen. Enpresaren eta, oro har, bioeskualdearen ikusgarritasuna hobetzeaz gain, kolaborazioak eta kontratuak sinatzen dira, eta sektorearen nondik norakoak begiztatzen; jakinda, gainera, sektore hori etengabe aldatzen dela. Aurten, bioeskualde garen aldetik, biofarmakoen industriarekin harreman estuagoa izatea espero dugu, gure bioenpresekin lankidetza harremanak izan ditzaketelako. Bide batez, esan dezadan haietako batek, Biobidek, konbentzio horretan bertan antolatutako BIO BUZZ lehiaketa irabazi duela.


LEGE OHARRA
Informazio buletin hau Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, SA (SPRI, SA) enpresaren jabetzakoa da. SPRI, SA Arabako Merkataritzaren Erregistroan dago izena emanda, 256. liburukian, 182. liburuko 3. atalean, 88. folioko 1.614. orrian, lehen inskripzioan. A01021237 da bere IFK, eta honako helbidean du egoitza: Wellingtongo dukea 2, 01010 Gasteiz.
Ez baduzu buletin hau gehiago jaso nahi, sakatu hemen, mesedez