




Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) azken txosten batek dio bioekonomia aukera onenetako bat dela produktu eta zerbitzuei balio erantsia emateko eta, beraz, globalki lehiatzeko.
Azken hilabeteotan, hazkunde gaitasuna duten sektoreetan, hala nola biozientzietan, lehiakortasuna sustatzen duten hainbat ezaugarri komun identifikatu dituzte zenbait analistek, esaterako, I+G-ko inbertsio handia, giza kapitalaren kualifikazio handia eta balio erantsi handiko merkatu-nitxoetan espezializatu izana.
Bestalde, Confebask euskal patronalak duela gutxi argitaratutako txosten batek jakinarazi du biozientzien sektorea dela krisiari ondoen aurre egiten ari den sektoreetako bat. Biozientzien sektorea hazten jarraitzeko posizioan dago, eta hori horrela bada, sektorea azkar eta irmoki sortu delako da. Bai I+G-ren eta berrikuntzaren eta bai biozientzien alde egindako apustuari esker, zazpi urtetan biokluster dibertsifikatu bat sortu dugu, zeina gai baita merkatu globaleko nitxo erakargarrietan lehiatzeko. Gainera, pisua du EAEko ekonomian, bere tamaina oraindik txikia bada ere.
Ekonomiaren oparoaldi urteetan zenbait neurri hartu ziren gerora begira, industriaren pisua mantentzen lagunduko duen sektore berri baten hazkuntza bizkortzeko. Izan ere, biozientzien alderdi garrantzitsuena ez da enpresa kopurua (70 baino gehiago), negozio bolumena (300 milioi baino gehiago) edo enplegua (3.000 baino gehiago zuzendaritza-karguen eta zeharkakoen artean), benetan garrantzitsua dena da sektore tradizionalekin dituen konexioak.
Bioenpresek produktu, prozesu edo zerbitzuak garatzen dituzte honako hauek erabil ditzaten: osasun sistemek, farmazia-enpresek, elikagai industriek eta horiei lotutako zerbitzuek, nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreak (abeltzaintza, basogintza, albaitaritza, etab), industria kimikoak, kosmetikak, ehungintzak, energi eta ingurumen sektoreak eta abar luze batek. Produktu, prozesu edo zerbitzu horiek lehiakortasuna mantentzen eta handitzen laguntzen diete EAEko BPGn %25eko pisua duten sektoreei.
Eta zer esanik ez hornitzaileen eskaeran duten eraginari edo zenbait enpresa eta industri taldek hasitako dibertsifikazioaren jatorrian dauden negozio aukera berriei dagokienez.
Horrela beraz, Euskadi ongi posizionatuta dago sektore hori Euskadiko ekonomiaren trakzio-elementuetako bat bihur dadin. Hori bai, Erroma ez zen egun batean eraiki, ezta bioeskualde bat hamarkada batean ere. Ikusi besterik ez dago beste herrialde batzuk egiten ari diren etengabeko ahalegina, hala nola, Ingalaterra, Suedia edo, nola ez, Estatu Batuak. Irmotasun, planifikazio eta eraginkortasun hori erabili behar dugu geure burua neurtzeko. Picassok zioen bezala "Inspirazioa existitzen da, baina lanean harrapatu behar zaitu". Horretan dihardugu...


LEGE OHARRA
Informazio buletin hau Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, SA (SPRI, SA) enpresaren jabetzakoa da. SPRI, SA Arabako Merkataritzaren Erregistroan dago izena emanda, 256. liburukian, 182. liburuko 3. atalean, 88. folioko 1.614. orrian, lehen inskripzioan. A01021237 da bere IFK, eta honako helbidean du egoitza: Wellingtongo dukea 2, 01010 Gasteiz.
Ez baduzu buletin hau gehiago jaso nahi, sakatu hemen, mesedez