NEWS
EUSKAL BIOESKUALDEAREN NEWSLETERRA
4. Zkia | 2009ko Azaroa

Dibulgazio zientifikoa: zientziaren eta gizartearen arteko zubia.

Ezagutzea eta ulertzea funtsezkoak dira ikerketa jarduerek gizartearen garapenean duten eragina ohartu eta baloratzeko. Komunikazio zientifikoa edo aurrerakuntza zientifikoekin loturikoa langintza zoragarria da, baina baita ere biziki exijentea igorle zein hartzaileentzat eta komunikazio hori transmititzen duten kanalentzat.

Ikertzaileek eta enpresek modu eta lengoaia egokiak aurkitu behar dituzte beren jarduerak gizarteari gerturatzeko. Gizarte bat, zientzia eta teknologiaren inguruko eztabaidetan parte hartu behar duena eta emaitzen azken hartzaile eta orientatzaile izan behar duena. Baina, horretarako, bizirik atxiki behar da jakin-mina edo bestela berreskuratu egin behar da.

Kazetariak eta komunikatzaileak dira zientzia eta gizartea elkartzen dituzten zubiak eta baita ere zientziaren eta gizartearen arteko etena murrizten laguntzen dutenak. Kazetari eta komunikatzaileek sakon ezagutu behar dute tratatzen duten gaia, eta ez dute inola ere ahaztu behar erantzukizun handi bat dutela dibulgazio-lanari atxikirik dagoena, lagunkoia eta egiazkoa izan behar duena eta sentsazionalismoetatik urrundu behar dena.

Aurrerapen teknologikoek eta hedabideetan gero eta sarriago agertzen diren albiste zientifikoek dibulgaziorako interesa handitu dute, eta elkargune edo komunikazio gune berriak sortzen ari dira. Euskadin baditugu gertuko adibide batzuk, buletin hau berau dugu berrienetako bat.

Urrian, esaterako, CIC Network dibulgazio zientifikoko aldizkariaren 6. alea argitaratu da. CIC Network Euskadiko Ikerketa Kooperatiboko Zentroen (IKZ) seihilabetekaria da. Aldizkariak bere hirugarren urteurrena ospatu du, zientzia euskal gizarteari gerturatuz, zientziari buruzko elkarrizketa eta artikuluak bilduz eta CIC Ingurunea bezalako atalak eskainiz, zeina Euskadiko nobedade zientifiko garrantzitsuenak erakusten dituen leiho ireki bat baita.

Azaroan Zientzia, Teknologia, Kalitatea eta Bikaintasunaren Astea ospatuko da. Programatutako jardueretatik Komunikazio Zientifikoaren I. Mintegia nabarmenduko dugu. Bizkaiko Fundazio Biofisikoaren proposamen bat da, hedabideen egitekoa aitortzen duena eta komunikazio zientifiko-teknologikoarekin zuzeneko edo zeharkako harremanen bat duten profesionalei zuzenduta dagoena: hedabideetako profesionalak, erakunde pribatu (enpresak, zentro teknologikoak, etab.) edo publikoetako (erakundeetako komunikazio sailak, osasun sarea, etab.) komunikazioko eta marketineko zuzendariak, eta abar.

CIC bioGUNEk eta BBVA Fundazioak hitzaldi tematikoen (neurozientziak, Darwin, zahartzea, elikadura eta osasuna) foroa antolatu dute laugarren urtez jarraian; Ikerbasque-k alderdi zientifiko asko barne hartzen dituen Zientzia Foroa antolatzen du eta Euskadiko komunitate ikertzailera gehitzen diren zientifikoen ikerketarekin loturiko aldizkaria zabaltzen du;Eduardo Anitua Fundazioak Traslaziozko Medikuntza Birsortzaileari buruzko lehen nazioarteko Sinposioa ospatzen du. Gainera, Eureka Café bezalako ekimenak sortzen dira, leku aproposa zientziaren inguruan modu dibertigarri, argi eta erraz batean hitz egiteko; urrian, esaterako, birusen inguruan hitz egin zuten.

BioBasque-n web gunean eta buletinean jasotzen ditugu ekitaldi eta jardunaldi horiek eta beste batzuk, baldin eta biozientziekin zerikusia badute; baina, jakina, guk jasotzen ditugunak dibulgazioko ekimen guztien zati bat baino ez dira. Denok dakigu zein garrantzitsua den informazioa hezibide oneko gizarte aske bat edukitzeko, baina hobe genuke hori gogoratzeko premiarik ez bagenu. Pirandellok esan bezala, "gizakia prest dago ulertzen ez duena ukatzeko" eta, zoritxarrez, ez dira adibideak falta hori egiaztatzeko. Denon erantzukizuna da horrelako adibideak desagertzen laguntzea.

LEGE OHARRA
Informazio buletin hau Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, SA (SPRI, SA) enpresaren jabetzakoa da. SPRI, SA Arabako Merkataritzaren Erregistroan dago izena emanda, 256. liburukian, 182. liburuko 3. atalean, 88. folioko 1.614. orrian, lehen inskripzioan. A01021237 da bere IFK, eta honako helbidean du egoitza: Wellingtongo dukea 2, 01010 Gasteiz.

Ez baduzu buletin hau gehiago jaso nahi, sakatu hemen, mesedez