




Biologia modernoak oso argi daukan oinarri bat da bizitza lehiakorra dela. Baina, halaber, egia da espezie guztiek (gizakiok barne) lankidetzari esker bizirauten dutela.
Carl Sagan-ek, azaroan 75 urte beteko zituenak, hauxe esan zuen: "Lankidetzan aritzeko joera, Eboluzio Prozesuaren bitartez lortu da, eta oinaze handiz gainera. Lankidetzan aritu ez ziren organismoak, hots, elkarren ondoan lan egin ez zutenak desagertu egin ziren. Lankidetza kodetuta dago biziraun zutenen geneetan".
Zientzia sozialetan bi motatako lankidetza dago, lagunkoia eta erasokorra. Lankidetza lagunkoia ematen da, adibidez, sare, partzuergo edo ikerketa talde bateko kideen artean, guztiek batera lortu baititzakete bakarka lortu ezin dituzten helburuak edo beste batzuek baino lehenago erdiets baititzakete lorpen horiek.
Enpresa munduan badaude lankidetza lagunkoi bertikaleko ereduak, adibidez, balio kate biofarmazeutikoan ematen dena, non kate-begi bakoitzak funtzio bat baitauka eta gainerakoak indartzen baititu. Halaber, lankidetza horizontalak ere sarritan ematen dira bioenpresetan eta ohikoak dira start-up deiturikoetan. Enpresa horiek gazteak izaten dira eta enpresa sendoek baino finantzaketarako indar gutxiago dute, baina intentsiboak dira I+Gn eta gaur egun, bioklusterren eta munduko biozientzien garapenaren eragile garrantzitsuenetako bat dira.
Baina agian interesgarriagoa izan liteke (bereziki paradoxikoa dirudielako) lankidetza erasokorra, hots, lehiakideen artean ematen dena. Eta lehiakideen arteko lankidetzarik badago, arrazoi bakar bategatik da: bakoitzak bakarrik lortuko lukeena baino ordain handiagoa lortzen delako elkarrekin bat eginda. Kluster bateko kideek edo eragile zientifiko-teknologikoez osatutako taldeek aliantzak egiten dituzte indartsuago izateko edota espazio bat lortzeko beste batzuek ere okupaturiko inguruneetan.
Newsletter honetan elkarlanean egindako hainbat I+G proiektuen adibideak jasotzen dira, zentro ezberdinen parte-hartzearekin zein herrialde ezberdinetako zentroekin (birsortze hepatikoa, melanomaren markatzaileak, autismoa, atab.) edo konbergentzia teknologikoa (nanobiosentsorea). Era berean, I+G alorrean aurrera egiteko bideratutako kontsortzio publiko-pribatuen berri ematen da (CeyeC proiektua), enpresa farmazeutika ezberdinen arteko akordioen (Faes Farma eta Pfizer), edota bioteknologikoen (Progenika eta AMT) berri ematen da, eta baita enpresen hazkundea laguntzeko koinbertsioen inguruan ere (Histocell, OWL Genomics).
Dena den, lankidetzaren bitartez lor daitekeen irabazi diferentziala kontuan hartuta ere, argi dago badagoela hobetzeko aukera (eta beharra). Eta maila guztietan gainera. Europar Batasunaren esanetan, Ipar Amerikaren ispiluan begiratzen bagara, koordinazioa eta lankidetza dira Europako lehiakortasuna handitzeko giltzarriak, bereziki bizitzaren zientzietan.
Errezeta ugari daude lankidetzan sakontzeko eta seguruenik halako adostasun bat egongo da lortu beharreko gutxienekoak finkatzerakoan: potentzialki ematen duen abantaila gehigarria onartzea, eta jakina, desioa edo beharrizana. Baina lankidetza benetakoa eta eraginkorra izan dadin, praktikan jarri behar dira bitartekoak.
Norbanakakoek edo antolakundeek lankidetzan aurkitutako barne-oztopoak gainditzen dituztenean, ingurune edo testuinguru egoki bat behar dute lankidetza posible izan dadin. Asko dira testuinguru horretan parte hartzen duten faktoreak, baina bi nabarmendu behar dira bereziki: batetik, jarduera kolaboratiboen finantzaketa, zeinak helburu desberdinak dauzkaten antolakundeak inplikatzen baititu eta, bestetik, araudi eta erregulazioen alderdiak, zeintzuk erraztu eta zehaztu egiten baitute nola ustiatu behar diren lankidetzaren emaitzak.
Eta egokia den emaitza bakarra da kide guztiei irabaziak ematen dizkiena. Bestela, lankidetzarako kodetzen gaituzten geneak isilaraziak izango dira.


LEGE OHARRA
Informazio buletin hau Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, SA (SPRI, SA) enpresaren jabetzakoa da. SPRI, SA Arabako Merkataritzaren Erregistroan dago izena emanda, 256. liburukian, 182. liburuko 3. atalean, 88. folioko 1.614. orrian, lehen inskripzioan. A01021237 da bere IFK, eta honako helbidean du egoitza: Wellingtongo dukea 2, 01010 Gasteiz.