NEWS
EUSKAL BIOESKUALDEAREN NEWSLETERRA
5. Zkia | 2010eko Urtarrila

Carmen Garaizar
O+iker Osasun Ikerketarako Euskal Institutuaren zuzendaria

"Biobankua ezinbesteko tresna da enpresa bioteknologikoen garapenerako"

Carmen Garaizar, O+iker Osasun Ikerketarako Euskal Institutuaren zuzendaria

Osasunaren alorra oinarri-oinarrizkoa da bioeskualde bat garatzeko, bai egiten duen ezagutza ekarpenagatik, bai eta lagin teknologikoak eta botika berrien baliozkotze klinikoak egiteagatik edo produktu berritzaileen azken buruko bezero den aldetik. O+Iker, Osasun Ikerketarako Euskal Institutuaren zeregina da osasun sistemak sortutako ikerketa hobeto integratzea Euskal Bioeskualdean. Carmen Garaizar O+Iker-eko zuzendariak BioBasque News buletinari azaldu dio zein jarduera gauzatzen duen institutuak eta esan du Biobankua (martxan jarri berri duten azken tresnetako bat) "ezinbestekoa dela enpresa bioteknologikoen garapenerako".

O+Iker 2003an sortu zen ikerketa indartzeko euskal osasun sistemaren barruan. Lehen urteak igaro ondoren, zein izan da Institutuak orain arte eginiko ibilbidea eta zeintzuk izan dira bultzatu dituen jarduera nagusiak?

Lehen lau urteetan (2003-2006), O+Iker institutua, batez ere, "nork zer, non eta zerekin egiten duen" ikertzen aritu zen, baina hazi ere egin zen, besteak beste, ikertzaile, proiektu, ekipamendu, eta finantzaketa gehiago lortu zituelako.

Lehen aro honetako jarduera nagusia ikertzaile, proiektu, ildo, baliabide eta abarren inbentarioak egitea izan zen. Finantzaketa publikoa zeukaten ikerketa proiektu guztien kudeaketaz arduratu ginen, osasun ikerketarako finantzaketa iturri publikoak zabaldu genituen eta aliantza berriak lortu genituen paziente elkarteekin, unibertsitateekin edota enpresekin. Halaber, gure zeregin garrantzitsuenetako bat zen Eremu Tematikoak eta Ikerketa Ildoak lehentasunen arabera ordenatzea, ikertzaileei laguntza eskaintzea (metodologiari eta bazkide bilaketari zegokienean), eta Jarduera Ikertzailea Areagotzeko Programa martxan jartzea, zeinak osasun arretari eskaini beharreko eginkizunetik liberatzen baitzituen profesionalak, denbora hori ikerketara bideratu ahal izateko.

Hurrengo lau urteetan, berriz (2007-2010), O+Iker-ek ahalegina egin du osasun sistemari buruzko ikerketa BioBasque bioklusterrean integratzeko eta osasun munduaren barruan egonkorra eta iraunkorra izango den ikerketa egitura bat sortzeko. Bigarren aro horretako jarduera nagusitzat har genitzake ondokoak: O+Ehun Ikerketarako Euskal Biobankua sortzea, Osasun Ikerketarako Institutuak sortzea Osakidetzan, medikamentuekin egiten diren Entsegu Klinikoak Kudeatzeko Bulegoa sortzea, Patenteen eta Ezagutza edo Teknologi Transferentziaren Bulegoa sortzea, jarraipen bibliometrikoa ezartzea, ikerketa motibatzeko eta aitortzeko politika sustatzea, eta, azkenik, Medikuntza Pertsonalizatuko Programan eta BioBasque-n Estrategiako beste programa batzuetan parte hartzea.

Badakigu biosasungintzako ikerketa aurrera doala Euskadin, baina zehazki, zer ari da ikertzen gure osasun sistema eta norekin?

Ikerketarako 25 eremu tematiko dauzkagu, baina lehentasunezko ildoak 8 dira. Batetik, osasun zerbitzu eta teknologien esparruko ikerketaren arlokoak dira proiektu guztien %24 eta kanpoko finantzaketaren %33 hartzen dute. Ikerketa ildo nagusiak ondokoak dira: Praktika Klinikoaren Ebaluaketa (nagusiki Galdakaoko Ospitalean); Teknologien Ebaluaketa eta praktika klinikorako gidak garatzea (batez ere Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ezagutzaren Kudeaketa eta Ebaluaketa Zuzendaritzan); eta medikuntzako edo kirurgiako teknologia zein prozedura berriak garatzea eta aplikatzea (jarduera hori EAEko ia ospitale handi guztietan garatzen da).

Bestetik, ikerketa genetikoak eta bioteknologikoak ikerketa proiektu guztien %15 hartzen du. Gaixotasun neurologikoak, onkologikoak eta endokrinologikoak jorratzen dituzte nagusiki. Gehienbat lankidetzan garatzen da osasun sektoretik kanpoko I+G-ko eragileekin, Gurutzeta eta Donostia Ospitaleetan.

Neurozientzien ikerketa ere proiektuen %15era iristen da eta bereziki ikertzen ditu endekapenezko gaixotasun neurologikoak, gaixotasun neurobaskularrak, esklerosi anizkoitza eta giharretako distrofiak. EAEko 6 ospitale handietan egiten da, bereziki Gurutzetan, Donostian eta Basurtun.

Bestalde, Pediatria Saileko ikerketak hartzen du jarduera osoaren %13. Gaixotasun arraroak ikertzen ditu nagusiki, eta baita ere goiztiartasunaren ondorioak zein haurdunaldian zehar jasandako alterazioak. Gurutzeta Ospitalean egiten da batez ere.

Hurrengo ikerketa eremua onkologia da, proiektu guztien %12 hartzen baitu. Koloneko eta biriketako minbizia lantzen dira batik bat eta bi ospitaletan gauzatzen da: Gurutzetan eta Donostian.

Arnasketaren arloko ikerketak jardueraren %10 biltzen du. Loaren apnea sindromea Txagorritxu Ospitalearen zuzendaritzapean ikertzen ari dira; Galdakaoko Ospitalean, berriz, BGBK (Biriketako Gaixotasun Butxatzaile Kronikoa) eta Donostia Ospitalean Arnasketa aparatuko infekzioak.

Ikerketaren beste %10 bat Psikiatriaren esparruan egiten da. Lehenengo gertakari psikotikoak, eskizofrenia eta gaixotasun bipolarra dira esparru honetako ikerketa gai nagusiak. Gasteizko Santiago Ospitalea da arloko liderra eta Basurtukoak jarraitzen dio atzetik.

Proiektu guztien %9 epidemiologiaren, prebentzioaren eta osasunaren sustapen arlokoak dira. Ingurumeneko elementu kutsatzaileak eta bizi-ohiturak ikertzen dituzte bereziki. Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendariordetzan eta Bizkaiko Arreta Primarioan garatzen da jarduera hori.

Aukeratzea zaila bada ere, nabarmenduko al zenituzke gure osasun sistemak biomedikuntzaren ikerketan eginiko lorpenik garrantzitsuenak?

EAEko osasun sareko ikertzaileek Europako ia 20 proiektutan parte hartzen dute eta Ikerlan edo Gaiker bezalako zentro teknologikoekin lankidetzan aritzen dira tarteka. Gurutzetako Ospitaleko Jaioberrien Unitateak, esaterako, Europako proiektu bat zuzentzen du, 22 herrialde koordinatzen dituelarik.

EAEn ikerketa klinikoa egiten duten taldeek, Espainiako Estatuan dauden 9 CIBERetatik (Sareko Bomedikuntza Ikerketarako Zentroak) 7tan parte hartzen dute eta 21 RETICSetatik (Osasun Ikerketa Kooperatiboko Sare Tematikoak) 13tan. Gainera, Espainia osoan zabaldutako 40 CAIBER Unitatetatik (Sareko Biomedikuntza Ikerketari Laguntzeko Zentroak) 4 osatzen dituzte.

2004. urtetik hasita, ia 60 Osasun-Unibertsitate-Enpresa proiektu gauzatu dira, nagusiki tokiko lankidetzak. Patenteen eta teknologi transferentziaren zerbitzu berriak dagoeneko ia hamar kasu tramitatu ditu.

Nazioartean, biobankuak ezinbesteko tresna bihurtzen ari dira biomedikuntzako ikerketan. Zer esan zenezake duela gutxi aurkeztu den O+Ehun Euskal Biobankuaz?

Biobankua osasunaren munduko tresna bat da eta berorrek arautzen eta bermatzen ditu lagin biologikoekin egindako ikerketaren kalitatea, legaltasuna eta etika. Funtsezko hiru prozesu hauetan oinarritzen da: lagin biologikoak biltzea subjektu osasuntsuetan, gaixoetan edo hildakoetan; lagin horiek prozesatzea eta biltegiratzea eta komunitate zientifiko-teknologikoari uztea.

Biobankuak sareko zentro baten egitura du eta BIO Fundazioa arduratzen da kudeaketa bateratuaz, Koordinatzaile zentralaren eta bereziki Biobankuarentzat diseinatutako plataforma informatikoaren bidez. Lagin biologikoen bilketa, prozesaketa eta biltegiratzea Biobankuaren nodo bakoitzean egiten da; nodo horiek Osakidetzako 7 osasun zentrotan eta bi zentro pribatutan kokatuta daude. Laginen kudeaketa, berriz, nodo koordinatzaile zentralean egiten da, zeina BIOEFn kokatuta baitago. Biobankuak sekzio ugari dauzka: ADN, tumoreak, garunak eta ehun desberdinak. Plasma, seruma, zelulak, parafina blokeak, ehun izoztua eta tissue microarray deiturikoak prozesatzen ditu. ADN, ARN, proteina, metabolito eta ehun ugariren hornikuntzaz arduratzen da. Biztanle osasuntsuen laginen bilduma handi bat ere badauka, ikerketan erabiltzeko.

Biobankuak ikerketari laguntzeko instrumentuak dira; legalki oso araututa daude eta ezinbestekoak dira I+Grako edo bioteknologia zein farmazia arloko enpresak garatzeko. Hornitzen dituen lagin biologikoei esker, ikerketa zentroek biomarkatzaileak edo jomuga terapeutikoak deskubritu eta baliozkotu ditzakete eta, gainera, oinarrizko ikerketa molekularra gauza dezakete.

Ikerketa traslazionala, hots, ikerketaren emaitzak praktika klinikora eramatea, erronka eta aukera izan daiteke aldi berean. Horren harira, nola egituratzen da ikerketa zentroen, ospitaleen eta gainerako eragileen arteko lankidetza, administrazioa barne?

Beste paradigma bat da, baina, halere, ez da berria. Bigarren mundu gerra baino lehen hasi zen eta ia desagertu egin zen 80-90eko hamarkadetan, baina berriro agertu zen 2000. urtean milurteko berriarekin batera, izan ere, giza genoma osatu zenean agerian geratu baitzen nolakoa zen bioteknologiak enpresa munduan zeukan potentziala (gaur egun sektoreak burtsan kotizatzen du). Hamarkada baten (90ekoa hain zuzen) amaierarekin batera etorri zen. Garai hartan zalantzan jarri zen zientziaren aplikagarritasuna. I+G-n eginiko inbertsio ekonomikoak itzultzeko eskatu zen, eta baita ere gardentasuna aplika zedila eta kontuak argi zitezela diru-laguntza publikoei zegokienean.

Mugimendu horrek eragin handia izan zuen osasunaren munduan: ikerketa traslazionala berpiztu zen. Terminoak berak azaltzen du emaitza zientifikoak praktika klinikora, hots, gaixoaren ohe-burura eramateko prozesua azkartu behar dela. Horretarako hainbat neurri iradoki ziren: oinarrizko ikerketaren, ikerketa aplikatuaren eta garapen teknologikoaren arteko oztopo fisiko eta kontzeptualak desagerraraztea; ikerketa klinikoa arazoak konpontzera bideratzea; I+G-ko partzuergo publiko-pribatuak sustatzea; erabilpen anitzeko plataforma teknologikoen garapena bultzatzea (genomika, proteomika eta beste "omika" batzuk); epidemiologia klasikoa, ingurumen epidemiologia eta epidemiologia genetikoa integratzea, osasunaren determinatzaileak hobeto ulertzeko (gaur egun posible da hori egitea biobankuak bezalako tresna berriekin); eta abar luze bat.

Nozio horiekin guztiekin ikerketarako egitura egokia sortu behar zen osasun zentroetan eta horietatik kanpo. Zentroen barruan “osasun ikerketarako institutuak” sortzen hasi ziren. Horietatik kanpo, berriz, alde guztietara zabaldu ziren klusterrak, bioeskualdeak (BioBasque EAEn eta antzeko gehiago Espainian, Europan, AEBetan, etab.)

Biozientziek osasun munduaren beharra daukate, enpresak garatzeko behar den ezagutza eman diezaien: gaixotasunen garapen klinikoa, pazienteen beharrizanak eta osasun sistemaren beharrizanak. Lagin biologikoen ekarpena eta botika zein osasun produktu berrien baliozkotze klinikoa ere behar dituzte.

Gainera, osasun publikoaren zeregina garrantzitsua da, bera baita azken produktu berritzailea kontsumituko duena. Garrantzitsua da inbertsio publikoa edukitzea politika berritzailearen alderdi zehatz horretan, baina ez ekonomikoki bakarrik, zeren batez ere garrantzia baitauka termino kontzeptualetan, horiek bultzatzen baitituzte erakunde pribatuak berrikuntzan inbertitzera.

Eta osasun arloak egindako ekarpenak badu azken alderdi erabakigarri bat; berehalako itzulketa ekonomikorik ez duten alderdiekin lotuta dago, baina indar handia daukate epe ertainera aldaketa garrantzitsuak sortzeko: kudeaketan eginiko berrikuntza eta antolakuntzako eredu berriak, "kapitala-osasuna" kontzeptua eta beste batzuk.

LEGE OHARRA
Informazio buletin hau Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial, SA (SPRI, SA) enpresaren jabetzakoa da. SPRI, SA Arabako Merkataritzaren Erregistroan dago izena emanda, 256. liburukian, 182. liburuko 3. atalean, 88. folioko 1.614. orrian, lehen inskripzioan. A01021237 da bere IFK, eta honako helbidean du egoitza: Wellingtongo dukea 2, 01010 Gasteiz.