

NorayBio euskal enpresa bioinformatikoak software-ak diseinatu, garatu eta ezartzen ditu bioteknologiaren sektorerako, eta berriki bi mugarri garrantzitsu lortu ditu bere nazioartekotze estrategiaren baitan: Asiako merkatuan egin duen lehen kontratua eta Suitza eta Italiarako banaketa hitzarmena.
Lehen kasuan, aipatutako kontratuaren arabera, Noraymet BioEquiv software-a Karachiko Unibertsitateko ‘Center for Bioequivalence Studies and Bioassay Research’-i (CBSBR) salduko dio, Pakistango zentro garrantzitsuenetako bati alegia. NorayBio enpresa Noray Biosciences Group taldekoa da eta garatu duen software-ari esker, Pakistango zentroak farmako generikoen ikerketak analizatzeko erabiltzen diren tresnak zabaldu ahal izango ditu. Beste software batzuekin ez bezala, Bioequiv-ekin egin daitezke farmakoa generikoa den ala ez erabakitzeko beharrezkoak diren kalkulu farmakozinetikoak eta test estatistikoak.
‘Center for Bioequivalence Studies and Bioassay Research’ (CBSBR) 2006an sortu zen eta Karachiko Unibertsitatearen baitan dago. Herrialde osoan zentro honek bakarrik egiten ditu farmako generikoak sortzeko biobaliokidetza ikerketak. Laster egongo da prest biobaliokidetza entseguak egiteko bertako eta nazioarteko laborategientzat, eta badauzka bai kontsultoreak Amerika, Alemania, Kanada, Jordania eta Ginebran eta baita biobaliokidetza entseguetan espezializatutako talde bat ere.
Bigarrenik, hitzarmen bat sinatu du Pharmasafe-rekin. Suitzako enpresa bat da eta aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuak ematen espezializatuta dago farmakoen preklinika eta klinika garapen faseetan dauden enpresei. Hitzarmen honi esker, NorayBio Italia eta Suitzako biofarmazia merkatuan sartuko da. Pharmasafe-k bere bezeroekin, farmazia laborategiekin eta CROekin (Contract Research Organizations) dauzkan hitzarmen eta harremanei esker, NorayBiok bezero potentzialen sarea zabaldu ahal izango du Italia eta Suitzan, eta honek software Noraymet ADME-aren (NorayBio-ren biofarmazia ildoaren produktu garrantzitsuenetako bat) salmentei lagunduko die.
2002an hasi zenetik, NorayBio nazioarteko bioteknologia merkatura zuzenduta egon da, eta hau argi erakusten dute hainbat herrialdetako, besteak beste, Erresuma Batuko, Alemaniako edo Italiako bezeroekin dauzkan kontratuek. Europako enpresekiko merkataritza hitzarmenek ere merkatu berrietan sartzen laguntzen diote. San Diegon antolatu berri den BIO azokan, Asia hego-ekialdeko eta Estatu Batuetako enpresekin negoziatzen hasi zen.