

Noray BG (Biosciences Group) euskal talde bioteknologikoa BioSpain 08 bioteknologiaren arloko Espainiako azokarik garrantzitsuenean izan da. Bertan eman du ezagutzera NorayBio bioinformatika enpresaren negozio ildo berria, NorayLIMS izenekoa.
NorayLIMS, Espainiako bioteknologiaren sektorerako bereziki diseinatutako LIMS (Laboratoy Information Management System) bakarra da. Honi esker, Espainiako enpresa eta laborategiek behar bezala kudeatu ahal izango dute informazioa, Espainian hazten ari den sektore honetako eskakizun zehatzei jarraituz.
Gainera, NorayLIMS ildoak eskaintzen dituen produktuak erabat pertsonalizagarriak dira, enpresa edo ikerketa zentro bakoitzaren behar zehatzei erantzuna eman ahal izateko.
Ildo horren baitan, oraingoz, bi produktu edo software daude: ServiLIMS eta BioLIMS.
ServiLIMS-i esker, ikertzaile, hornitzaile eta administratzaileen arteko kudeaketa eta web komunikazioa errazten da. Gainera, ServiLIMS bezero bakoitzaren beharretara egokitu daiteke, ezaugarri berriak sortu eta gehituz.
BioLIMS, berriz, ikerketa laborategietan lortutako datuak kudeatu eta sisteman sartzeko softwarea da, horrela, prozesu esperimental guztian zehar bildutako lagin eta datuen erabateko trazabilitatea eskaintzen du. Zentzu horretan, NorayBio-k esperientzia zabala dauka hiru adarretako LIMS-ak garatzen: diagnosi klinikoetako laborategientzat; genomika eta genotipatze laborategientzat; eta I+Gn diharduten laborategientzat.
Histocell, Noray BGren beste enpresaren jarduera nagusia da giza ehunak garatzea zelula autologoetatik abiatuta (pazientearenak berarenak). Horrela, ordezko biologikoak sortzen ditu gero pazienteari inplantatu ahal izateko. Histocell-ek dagoeneko eskatuta dauka bere lehenengo nazioarteko patentea eta aurreikusten du 2008aren amaierarako hiru patente eskaera egingo dituela. Noray BG taldeko bi enpresek stand bana izan dute Granadan irailaren 17 eta 19 bitartean antolatutako BioSpain 08 azokan.