


Euskal Osasun Publikoak 480 ikerketa proiektutan parte hartu zuen iaz, eta Osasun Ikerketako Euskal Institutuak (O+Iker), hots, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioan, BIOEF, dauden hiru erakundeetako batek tramitatu zuen proiektu horien kudeaketa.
Osasun Ikerketako Euskal Institutuaren (O+Iker) 2007-2008ko jardueren memoriaren arabera, proiektu horietatik 135 (%28) iaz abiarazi ziren. Giza baliabideentzat eta azpiegiturentzat eginiko deialdi espezifikoetan lortutako ikerketarako beste laguntza batzuk kontuan hartuta, 544 proiektu eta ikerketarako laguntza zenbatu ziren, eta 24,6 milioi euroko urteanitzeko aurrekontua eskaini da horretarako, hau da, aurreko ekitaldian lortutakoa baino %11 gehiago. Gainera, O+Iker-ek kudeatutako azpiegituretan egindako inbertsioa 1,08 milioi eurokoa izan zen 2008an.
Giza baliabideei dagokienean, 2008an 760 pertsonak parte hartu zuten proiektu horietan. 2008an, ikertzaile nagusien kopurua 233koa izan zen: %15 Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasleek osatzen dute, zeintzuk, gainera, Osakidetzako langileak baitira. Euskal Osasun Publikoko sendagileen %10 inguru BIOEF Fundazioko ikertzaile gisa erregistratuta daude.
2007ko datuen arabera, ikerketa lerro nagusia osasun zerbitzu eta teknologien ikerketa da, proiektu guztien %24 eta kanpoko finantzaketaren %33 (5,2 milioi euro) biltzen dituena. Eta, garrantziaren arabera, horren atzetik datoz genetika, bioteknologia eta gaixotasunen ereduak (proiektuen %15arekin eta kanpoko finantzaketaren %18rekin) eta neurologia, neurokirurgia eta neurofisiologia (proiektuen %15arekin eta finantzaketaren %13rekin).
Bestalde, BioBasque 2010 Estrategiaren Medikuntza Pertsonalizatuko Programan bidez, Carmen Garaizarrek zuzentzen duen institutuak 4,2 milioi euro eskuratu zituen 2007an, Ikerketarako Euskal Biobankua (O+Ehun) azpiegiturez hornitzeko. Gainera, BIOEF Fundazioa Euskadin garatzen ari diren ikerkuntza sanitarioko bi institutu hauen kudeaketa ekonomiko eta administratiboaz arduratuko da: BioDonostia eta BioCruces.
BIOEF Fundazioaren barruan dauden nazioarteko proiektuak etengabe hazten ari direnez, fundazioak Nazioarteko Proiektuetarako Unitatea sortu zuen 2007aren erdialdean. Zehazki, 2005ean Europako zazpi proiektu izatetik, 2009an 19 proiektu izatera igaro da (%171,4ko hazkundea). Era berean, Euskal Osasun Publikoak agente zientifiko eta teknologikoekin gauzatutako lankidetza proiektuen kopuruak ere gora egin du 2004 eta 2008 bitartean eta, euskal osasunak horrelako 59 proiektutan parte hartu du.
Bestalde, BIO Fundazioak lege-eskumenak lortu ditu Osakidetzako langileen jabetza intelektualaren eta patenteen eskubideak tramitatzeko eta horien emaitzak ustiatzeko, eta orain arte, Euskadiko hainbat zerbitzu eta zentrotako zazpi patenteren eskaera kudeatu du.