


Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak sistema informatiko berri bat diseinatu du, zeinaren bidez minbizia duen gaixoa denbora errealean jar baitaiteke harremanetan sendagilearekin, eta horrela, sendagaiak noiz hartu gogoraraziko zaio eta hark bere sintomak jakinaraziko dizkio osasun-zentroari. Hori guztia bere ordenagailutik egin dezake pazienteak, Osakidetzaren web gunearen bidez.
Osasun Saileko sailburuorde Jesús María Fernándezek eta Donostiako Onkologia Zerbitzuko buru Josep Pierak datorren udazkenean Donostiako Ospitalean abiaraziko den ekimen aitzindaria aurkeztu dute. Esperientzia horren eragina eta emaitzak aztertu ondoren, Osakidetzak euskal sare publikoko beste zentro batzuetara zabal lezake zerbitzua.
Sistemak bi tresna informatiko barne hartzen ditu gaixo onkologikoei etengabeko jarraipena egiteko: Oncomed eta Oncoweb. Oncomed teknologiak funtzio ugari konbinatzen ditu eta, besteak beste, ondoko aukerak eskaintzen ditu: Interneten sartzea ordenagailu, PDA, edo telefono mugikorraren bidez, osasun alorreko profesionalekin bideokonferentziak egitea, gaixotasunarekin loturiko medikuntza-edukietara sartzea edo gaixoaren tratamenduak kontsultatzea. Sistema berriaren bidez, zuzeneko komunikazioa egongo da pazientearen eta ospitaleko langileen artean.