• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

Txagorritxuko Ospitaleak burmuinen EAEko lehen biobankua inauguratu du

Abenduak 14, 2009

Hospital Txagorritxu

Txagorritxuko Ospitaleak dagoneko badu burmuinen EAEko lehen biobankua, eta biobanku honekin pauso handi bat eman da neurozientzien ikerketaren esparruan. Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak, Olga Rivera Garapen eta Lankidetza Sanitarioko sailburuordeak eta Francisco Villar Txagorritxu Ospitaleko zuzendari kudeatzaileak joan den abenduaren 14an inauguratu zuten unitate hori, zeinak telepatologia sistema bat baitu beste zentro batzuetako ikertzaileek urrutitik eskura ditzaten lagin biologikoak.

Gasteizko zentroan ezarritako nodo hori ondorengo ospitaleetan dauden hamar oinarriko sare baten barruan dago: Basurto, Gurutzeta, Galdakao - Usansolo, Santiago eta Donostia; Gipuzkoako Poliklinika; Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroa; Institutu Onkologikoa eta Osasun Saila. Zentro horiek elkarrekin konektaturik daude eta O+Ehun Ikerketarako Euskal Biobankua osatzen dute. Bere egiturak posible egiten du laginak jasotzea, ospitalean bertan prozesatu eta gordetzea eta lagatzea. Halaber, sare honen bidez jakin daiteke ezaugarri jakin batzuk dituzten zenbat lagin dauden eta baita ere non dauden, eta horrek ikerketa-lana errazten du.

1,3 milioi euro inbertitu dira Txagorritxuko espazio berria osatzen duten 200 metro karratuetan eta Osakidetzak, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Instituto Carlos III-k eta B+I+O Eusko Fundazioak (BIOEF) finantzatu dute.

Instalazioetan ikerketa-laborategi bat eta ikerketarako Biobankuaren nodo bat daude. Azken horrek hiru banku espezifiko ditu: DNArena, tumore-ehunena eta burmuinena. Burmuninen bankuan 67 burmuin daude, horietatik asko gizakien ageriko entzefalopatia espongiformeagatik (“behi eroen” gaixotasuna) hildako EAEko pertsonenak dira. Txagorritxu alor horretan espezializatu da azken hamarkada honetan.

Txagorritxuko kudeatzaileak eta sailburuordeak inaugurazio-ekitaldian iragarri zuten Arabako hiriburuko laborategi berri hau "etorkizuneko Arabako Ikerketa Institutuaren" lehen urratsa dela eta bereziki azpimarratu zuten Txagorritxu eta Santiagoko ospitaleak egiten ari diren ikerketa lana.

Bi zentroak ikerketako buru bihurtu dira Euskadin loaren apnea eta lehen gertakari psikotikoetan. Gainera, bertan burutzen da EAEko kardiologi ikerketaren %61, psikiatriako ikerketaren %42 eta arnas ikerketari buruzko azterketen %40.

Txagorritxuko burmuinen biobanku berria EAEko neurozientzien ikerketarako tresna berri bihurtu da, Javier Meana ikerlariak zuzentzen duen UPV/EHUko burmuinen bankuarekin batera. Meanak zuzentzen duen banku horretan depresioa, eskizofrenia edo nahasmen bipolarra bezalako gaixotasunak dituzten gaixo psikiatrikoek emandako burmuinak daude.