• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

Santiago Ospitaleak irabazi du Buruko Gaixotasunen Fase Goiztiarrei buruzko ikerketa saria

Abenduak 30, 2009

Santiago ospitalea

Gasteizko Santiago Ospitaleak lehen ikerketa saria irabazi du azaroaren amaieran Santanderren ospaturiko VII. Buruko Gaixotasunen Fase Goiztiarrei buruzko Nazioarteko Bileran. Aurkezturiko ikerketaren bidez deskubritu ahal izan da hainbat markatzaile existitzen direla odolean psikosiaren pronostikoari eta gaixoen gaitasun kognitiboei lotuta daudenak.

“Aktore neurotrofikoek kognizioarekin eta lehen gertakari psikotikoen pronostikoekin duten harremana” izeneko ikerketa sarituak Carlos Matute UPV/EHUko katedradunak zuzenduriko oinarrizko ikertzaileen lana eta Osakidetzako hainbat zentrotako klinikoena biltzen ditu. Ana González-Pinto izan da ikerketaren buru eta Santiago Ospitaleko Psikiatria zerbitzuko Ikerketa Unitateko arduraduna eta UPV/EHUko irakasle titularra da.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Osakidetzak elkarrekin patentatu dute psikosiaren diagnostikoko faktore neurotrofiko hauen azterketa. Ana González-Pintoren ustez, “lan honen emaitzek bide berriak irekitzen dituzte farmakologian, zeren aurkitu diren markatzaileak ikaskuntza eta neuronen konponketa erregulatzen duten faktore neurotrofiko zerebralekin erlazionaturik daude eta, beraz, jomuga-terapeutiko hauetarako botikak diseina daitezke”.

Biztanleriaren %2k du psikosiaren gaixotasuna eta pertsona gazteetan agertu ohi da nagusiki. Osasunaren alorrak duen erronketako bat da gaixo hauek diagnostikatu eta egoki tratatzea lehen gertaeratik eta tratamendurik onenak ematea hasiera-hasieratik. Ana González-Pintok ondorioztatu du, “faktore neutrotrofikoen eta psikosiaren arteko erlazioaren aurkikuntzak posible egingo duela pazienteen azpitaldeak identifikatzea hainbat estrategia garatu ahal izateko haietako bakoitzean”.

González-Pinto Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkarteko (SVNP) presidentea eta sarean eginiko ikerketa biomedikoko talde nagusienetako bateko (CIBERSAM) ikertzailea da.
CIBERSAMen parte hartzeaz gain, Gasteizko Santiago Ospitaleak beste bost Autonomi Erkidegorekin batera lan egiten du Buruko Gaixotasunen Ikerketa Sarean (REM-TAP). Instituto de Salud Carlos III-k finantzatzen du sare hori, depresioa, eskizofrenia eta nahasmendu bipolarra bezalako buru-nahasteak ikertzeko. Ana González-Pinto da EAEko taldearen buru.