

OWL Genomics enpresak Ferrer inCode enpresarekin akordioa sinatu du gibeleko gaixotasunaren diagnosia egiteko testa, azken honek Espainian eta Alemanian banatzeko.
Bi konpainia bioteknologikoen arteko akordioari esker, metabolomikan soilik oinarritzen den in vitro diagnostiko lehen metodoa merkaturatuko da Europan lehenengo aldiz.
Zehaztasun handiko kromatografia likidoa eta masen espektrometria elkartzen dituen teknologia berrian oinarritzen den metabolomikaren bitartez, OWL Genomics-ek hainbat biomarkagailu aukeratu ditu esteatosi eta esteatohepatitis ez-alkoholikoaren diagnosia egiteko. Obesitatearekin, diabetesarekin, hipertentsioarekin eta triglizerido maila altuekin dute zerikusia gaixotasun horiek, eta kasuen % 20n gibeleko gaixotasun larriak eragiten dituzte. Biztanleen % 2 eta % 5 bitartean omen du esteatohepatitis ez-alkoholikoa.
Testaren bitartez gaixotasun horren fasea zehaztu daiteke odolaren analisi sinple batekin. Metodo eraginkorra eta ez-inbasiboa da, eta gaixoak aldika aztertzea ahalbidetzen du diagnosirako beste proba inbasiboek, gibeleko biopsia esaterako, duten kostuak eta zailtasunak eragin gabe.
OWL Genomics-en helburu nagusia da sarri ematen diren eta jatorria gibeleko gaixotasunetan duten gaixotasun konplexuen diagnosirako markagailuak eta diana terapeutikoak identifikatzea. Egun, tratamendu ona ez duten hainbat gaixotasunentzat itu terapeutikoak identifikatzen ere dihardu lanean enpresa bioteknologikoak.
Bestetik, Ferrer Taldeko filiala den Ferrer InCode-ren helburua da diagnosiaren, pronostikoaren eta igarpenen orientazio zerbitzuak ohiko praktika medikuari hornituz, medikuntza pertsonalizatura heltzen laguntzea.