


Pharmakine S.L. Dominion Taldeko enpresa bioteknologikoa da, eta joan den ekainaren 18an egin zuen zientzialarien aholku batzordearen lehen bilera. Euskal bioenpresak minbizia eta honen metastasia ikertzen ditu batik bat eta helburutzat dauka gaixo bakoitzarentzat terapia pertsonalizatua lortzea.
Bizkaiko Teknologi Parkean kokatutako enpresa honen batzordean parte hartzen dute onkologiaren eremuko asistentzian, zientzian eta osasun kudeaketan izen handia duten lau adituk: Guillermo López Vivanco doktorea, Gurutzetako Ospitaleko (Bizkaia) onkologia zerbitzuko burua eta batzordeko presidentea; Carlos Camps Herrero doktorea, Valentziako Hospital General Universitario-ko (Valentzia) onkologia zerbitzuko burua; Jose Luis Gonzalez Larriba doktorea, Madrilgo Hospital Clínico San Carlos-eko (Madril) onkologia zerbitzuko sekzio burua; eta Jaume Bosch doktorea, Centro de Investigación Biomédica en Red de Enfermedades Hepáticas y Digestivas, CIBERehd-eko zuzendaria.
Pharmakine, 2002ko martxoaren 8an sortu zen, eta 20 ikertzaile dauzka lanean -hauetako 9 doktoreak- minbiziaren eta honen metastasiaren progresioa aztertzen. Horretarako in vivo eta in vitro eredu preklinikoak eta minbizia daukaten gaixoen laginak erabiltzen dituzte. Enpresaren proiektuak Estatuko eta Europako kapitalarekin finantzatzen dira, eta helburutzat daukate minbiziaren diagnosian eta tratamenduan dauden behar eta hutsuneak estaltzea, gaixo bakoitzarentzat terapia pertsonalizatua lortuz. Alde batetik, ikerketak hainbat helburutara zuzentzen dira, hala nola metastasi bat garatzeko aukera gehien daukaten gaixoak zeintzuk diren aurreikusteko sistemak garatzera, tumorearen bilakaeraren adierazle berriak garatzera (Pharmakinek patentatutako molekula sintetikoak), eta gaixoak terapiei nola erantzuten dien identifikatzeko sistemak diseinatzera. Beste alde batetik, Pharmakinek modu sinple eta ez inbasiboan ikertzen du minbiziaren diseminazioa, odolean zirkulatzen duten tumore zelulak detektatuz, honela tumoreak terapiari nola erantzuten dion ikusteko.
Zientzialarien aholku batzorde honi esker, Pharmakine-k arlo kliniko onkologikoko adituen iritziak jasoko ditu bere ikerketa taldearen ezagutza osatzeko, honela helburu teknologikoen lorpena azkartuko du eta nazio eta nazioartean zabalduko ditu lorpen horiek.