

Progenika medikuntza pertsonalizatuko enpresak bi tresna berri aurkeztu ditu merkatuan dauden teknologia aurreratuenetan oinarritutako odol taldeak identifikatzeko. Garatutako bi produktu horiei esker, jaioberrietan, haurdun dauden emakumeetan eta odol-transfusio ugari behar dituzten pertsonetan, gaixo onkologikoak esaterako, gaixotasunak eta arazoak saihestu ahal izango dira.
Garapen horiekin, jaioberrien tronbozitopeniak, gaixotasun hemolitikoak edo fetuen anemia bezalako gaixotasunak saihestu ahal izango dira. Era berean, haurdun dauden emakumeetan aloimmunizazioa ere saihesten laguntzen dute, hau da, amaren antigorputzak sortu eta fetuari igaro eta fetuaren odol zelulak suntsitzea. Gainera, odol transfusio asko behar dituzten pertsonetan, teknika berri hauek gaixoen erreakzio txarrak ere ekiditen dituzte. Aipatu beharra dago aztertutako hainbat odol talderentzat ez dagoela beste metodorik gaur egun.
Euskal konpainiak garatu dituen tresna berriak Luminex teknologian oinarritzen dira, oso teknika azkarra dena, DNA atera denetik 5 ordu besterik behar ez baitira emaitzak lortzeko, eta prozesu batean hainbat lagin aztertzea ahalbidetzen duena. Horri esker, baliabideak optimizatzen dira eta kosteak murriztu. Bestetik, odol bankuen beharrei egokitutako teknika da, beraz, haiek ez dute jarduteko moduan ezer ere ez aldatu beharko. Teknologia berri honi esker, eta dagoeneko erabiltzen den DNAchiparekin batera, Progenika nazioarteko erreferente bihurtu da medikuntza transfuntzionalean diagnosi molekularreko tresnen garapenean.
IDHPA eta Idcore deritzen tresna berri horiek ekainaren bukaeran aurkeztu zituzten Berlinen ospatu zen ISBT (Odol Transfusioen Nazioarteko Elkartea) Nazioarteko Kongresuaren esparruan. Bi teknika horiek BLOODchipID familiaren barruan daude eta, ondorioz, CE marka ere badute. Beraz, Europar Batasunaren onespena eta baimena dute merkatura ateratzeko, eta Grifols y Progenika-rekin sinatutako banatzeko akordioan daude.