

Bizkaiko Teknologi Parkean egoitza daukan Progenika Biopharma bioteknologiako euskal enpresa Arabiar Emirerrietan instalatu da. Izan ere, herrialde hartako Osasun Ministerioarekin hitzarmen bat sinatu du odol transfusioen segurtasuna eta odol bateragarritasuna bermatzeko. Hitzarmen horri esker, Progenika Persiako Golkoan instalatuko den mota horretako lehen enpresetako bat izango da. Kontuan hartu behar da Persiako Golkoko merkatua hedapen handia izaten ari dela eta bertakoek eros-ahalmen handia dutela.
Progenika-ren ikerketak eta produktuak biotxipetan oinarrituta daude. Horiei esker, milaka aldaera genetiko aztertu daitezke aldi berean, eta ohiko tekniken gaitasuna bikoizten dute, adibidez, honako kasu hauetan: gaixotasun baten diagnostikoa egiterakoan, gaixotasunaren bortiztasuna aurreikusterakoan edota gaixoak tratamenduari nola erantzungo dion aurrez jakin nahi denean.
Progenika-k BLOODchip® laborategia instalatu du Emirerrietako odol bankurik garrantzitsuenean (Sharjah Blood Transfusion and Research Centre, Dubai). Arabiar Emirerrietako Osasun Ministerioak ekimen hori bultzatu du abangoardiako teknologia eskuratu eta odol banku horretan transfusioak erabateko segurtasunez egiten direla bermatzeko, bai eta bankua Ekialde Ertaineko erreferentziazko zentro bilakatzeko. Ildo horretatik, Progenika Persiako Golkoko odol banku nagusietako (Kuwait, Oman, Qatar, Bahrein, Egipto, Jordania, Yemen, Siria, Irak eta Saudi Arabia) arduradunak prestatzen hasi da Progenika zonalde horretan ere Medikuntza Pertsonalizatuko enpresa lider bilakatzeko.