

Egoitza Bizkaian duen Progenika bioteknologiako taldeak joan den apirilaren 29an ofizialki inauguratu zuen Progenika Inc bere filialaren bitartez Espainiatik kanpo ireki duen bere lehen Diagnostikoen Zerbitzu Zentroa. Cambridge, Massachussets-en (AEB) kokatutako instalazio hauek Federal Center for Medicare and Medicaid Services-en ziurtagiria jaso dute eta CLIArako erregistroa lortu dute.
Ekitaldira bertaratu zirenen artean, honako hauek aipatuko ditugu: Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua; Gabriel Inclán Osasun sailburua; Mauri Lazkano Spriko zuzendari nagusia; eta Alberto Fernández Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologi zuzendaria; horiez gain, AEBtako enpresa munduko eta zientzia alorreko zenbait kidek era parte hartu zuten.
Progenikak mikro-array teknologian oinarritutako diagnostikoen test berri batzuk sartuko ditu pixkanaka Ameriketako merkatuan, hala nola, LIPOtxipa, hiperkolesterolemia familiarra antzemateko diagnostikoetan erabiltzen dena edo BLOODtxipa, emaile-hartzaile bateragarritasuna eta, beraz, transfusioen segurtasuna areagotzen duen odol-taldeen genotipoen lehen testa.