


Progenika Taldearen AEBetako Progenika, Inc. filialak hitzarmen bat sinatu du Salt Lake City-ko (AEB) ARUP laborategiekin, azarotik aurrera odol-taldeen genotipoa zehazteko zerbitzuak eskaintzeko. Kontratu horren arabera, Progenikak pazientearen globulu gorrien antigeno (antigorputzak sortzen dituen eta erantzun immune bat sor dezakeen substantzia) profilak zehaztuko ditu ohiko odol analisiek muga logistikoak edo funtzionalak dituzten kasuetan.
Progenikaren odol-taldearen genotipatu mikroarray-ak (BLOODtxipak) aldi berean antzeman ditzake 100 aldagai genetiko baino gehiago bederatzi odol-talde sistema garrantzitsuenetan, odol-transfusio seguruak egiteko eta egungo muga serologikoak gainditzeko.
Odol-taldearen genotipoen zehaztapenak oinarri gisa balio du transfusio kronikoak behar dituzten pazienteen gaixotasunak tratatzeko. Zehaztasunez identifika daitezke pazientearen globulu gorrien antigenoak, baita antigorputzak daudenean ere, eta bai antigorputz horiek antigeno ohiko edo ez-ohikoak direnean, oso antigenikoak edo zertxobait antigenikoak direnean eta ugari nahiz gutxi daudenean.
Odol-taldearen genotipoak baliagarriak dira gaixotasun hauek pairatzen dituzten pazienteentzat: leuzemia linfozitiko kronikoa, anemia hemolitiko autoimmunea eta Hodgkinen linfoma, non globulu gorriak immunoglobulinez (DAT+) estalita baitaude eta serotipoetarako erabilitako antigorputzekin elkarreragiten baitute. Baliagarriak dira baita ere maiz transfusioak behar dituzten gaixotasun genetikoak dituzten pertsonentzat, hala nola, anemia falziformea eta talasemia pairatzen dutenentzat, antigorputzak gara baititzakete, emailearen globulu gorrietan dauden immunogenizitate baxuko antigenoen aurrean. Paziente horien kasuan, aldagai genetikoak zehaztasunez identifikatzen badira fase goiztiar batean, odol parekatzeak errazago egingo dira ondorengo transfusioetan.
Progenikako Operazio Zuzendari Joyce Samet-ek azaldu zuenez, “itxaropen handia dugu ARUP-ekin dugun harremanean, izan ere, horri esker, ARUP-ek eskainitako zerbitzua jasotzen duten ospitale eta osasun laguntzako zerbitzuek aukera izango baitute odol-taldeen genotipo analisi osoagoak izateko eta, horrela, transfusioa egindako pazienteei arreta hobea emateko". Samet-ek hauxe gaineratu zuen: “lan estrategia bat daukagu merkatuan liderrak diren laborategiekin gure analisien banaketa-sarea zabaltzeko, eta hitzarmen hau lan estrategia horren barruan dago”.
Noriko Kusukawa ARUP Laborategietako Teknologia Berrien eta Lizentzien zuzendariak eta presidenteordeak jakinarazi zuenez, “ Progenikarekin dugun harremanari esker, ARUP-en aukera dugu gure bezeroei analisi konplexu eta berritzaile hauek eskaintzeko eta, bide horretatik, maiz transfusioak behar dituzten pazienteei odol parekatzea errazteko”.
Progenika, Inc. eta bere Espainiako Progenika Biopharma SA filialak DNAn oinarritutako analisiak garatu eta merkaturatzen dituzte gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko. Progenika munduko liderra da multiplex genotipoak zehazteko teknologietan eta BLOODtxip tresna merkaturatzen du Europan, zeinak odol-taldearen genotipoen zehaztapen osoena eskaintzen baitu odol parekatzea errazteko. Odol-taldeko genotipoak zehazteaz gain, Progenika eta Progenika Biopharma-k DNAn oinarritutako analisi zerbitzuak eta produktuak garatu eta merkaturatzen dituzte hiperkolesterolemia familiarra eta beste dislipidemia batzuk antzemateko. Bestalde, Progenikak ikerketa eta garapen programetan parte hartzen du konplexutasun genetikoko gaixotasunak diagnostikatzeko.
Bestalde, ARUP AEBetako erreferentziazko laborategia da patologia kliniko eta anatomikoan, eta Utah Unibertsitateko eta bere Patologia Saileko enpresa ere bada. ARUP laborategiak 2.700 langile ditu eta 2.000 analisi eta analisi-konbinazio baino gehiago eskaintzen ditu, besteak beste, ohiko kontrol analisiak eta AEBetako pazienteentzako entsegu molekular eta genetikoak.