


Euskadiko Progenika enpresak akordio bat lortu du Herbehereetako Amsterdam Molecular Therapeutics (AMT) bioteknologia enpresarekin LPLchip tresna garatzeko eta merkaturatzeko. Gailu horrek diagnostiko azkarra egiten du lipasa lipoproteina (LPLD) eskasia osoa edo partziala duten pazienteengan, sindrome horrek pankreatitis akutua eragin baitezake. Progenika enpresaren DNAchip-a munduko bakarra da, Glybera-ren abantailak aprobetxatu ditzaketen pazienteak (horixe da hain zuzen AMT enpresak LPLD gaixotasuna duten pertsonentzat garatutako terapia genikoa) zeintzuk diren identifika dezakeena.
Herbehereetako enpresak datu kliniko berriak jakinarazi zituen aurtengo ekainean, eta datu horiek erakutsi dute LPLD gaixotasuna duten pazienteek epe luzerako onura esanguratsuak lor ditzaketela Glybera behin bakarrik emanda. Datu horiei esker terapiaren emaitza zein den ere ikus daiteke: ikuspuntu klinikotik, nabarmen eta modu esanguratsuan murriztu daiteke pankreatitis akutua. Halaber, baieztatzen dute terapia segurua dela eta toleragarritasun indize altua daukala. AMT enpresak aurreikusten du urte honen amaiera aldera eskatuko diola Sendagaiak Aztertzeko Europako Agentziari (EMEA) Glybera merkaturatzeko baimena, eta horrela, mota honetako froga diagnostikoa egina duten medikamendu onartuen talde txikian sartuko litzateke (gainerakoak AEBetakoak dira).
AMT enpresak Progenika aukeratu du bazkidetzat LPLchip tresna garatzeko, euskal enpresak esperientzia luzea baitauka diagnostiko txipak garatzen eta, gainera, Europako zein Ipar Amerikako merkatuetara sar dezake gailua. Progenika enpresa aitzindaria da gero eta garrantzitsuagoa den medikuntza pertsonalizatuaren esparruan eta ADNaren genotipifikaziorako microarray berriak diseinatu, garatu eta fabrikatzen ditu diagnostikoa edo pronostikoa egiteko eta giza gaixotasun konplexuetan medikamenduei emango zaien erantzuna aurreikusteko.
AMT enpresak, berriz, terapia genikoko plataforma bakarra dauka, zeinari esker gaindituko baitira geneen terapia medikuntza klinikoaren zutabe bihurtzeko zeuden oztopoetako asko. Konpainiak bektore biral adeno-asoziatuak (AAV) erabiltzen ditu gene terapeutikoak txertatzeko eta horrela, diseinatu eta baliozkotu egin ahal izan du bektore biral adeno-asoziatuak (AAV) fabrikatzeko plataforma egonkor eta zabalgarria, seguru asko munduko lehenengoa. Plataforma horrek ikaragarrizko aurrerapenak ekar ditzake eta horiei esker hobeto tratatuko dira ezagutzen ditugun milaka gaixotasun arraro (orphan diseases), batez ere gene akastun batek eragiten dituenak.
Antonio Martinez Progenika enpresako Kontseilari Delegatuaren esanetan, "lankidetza proiektu honek erakusten du ADNan oinarritutako diagnostikoa eta helburu zehatzeko terapia genikoa konbinatu egin daitezkeela eta horrela, medikamendu pertsonalizatua sor daitekeela lehenago beren beharrizan medikoak ase gabe zeuzkaten paziente taldeentzat". AMT enpresan kargu bera daukan Jörn Aldag-ek ere lankidetza nabarmendu zuen. “Pozik gaude Progenikarekin lankidetzan ari galerako LPLchip gailua garatzeko, LPLD diagnostikoaren eskakizunetara bikain egokitzen den esperientzia paregabea eskainiko baitigu”, ziurtatu zuen.