

Progenika Inc enpresak, Progenika Taldeak AEBetan daukan filialak, ko-inbertsioko mailegu bat lortu du. Garapena Finantzatzeko Espainiako Konpainiak (Cofides) milioi bat dolar inguru (700.000 euro gutxi gorabehera) inbertituko du. Konpainia hori Enpresa Txiki eta Ertainen Atzerriko Inbertsio Operazioetarako Funtsaren (Fonpyme) kudeatzailea da eta horregatik babesten du I+G+B jarduera intentsiboa egiten duten enpresen nazioartekotzea.
Progenika Taldearen filial estatubatuarra Boston hirian dago (Massachussets), eta 2007. urtean sortu zen in vitro diagnostiko molekularra egiteko produktuak garatu eta merkaturatzeko. Sistema horiek nagusiki bi gaixotasun mota detektatu eta prebenitzeko espezializatuta daude, medikuntza transfusionaleko gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak hain zuzen.
Progenika Inc. enpresari 2008an eman zioten Estatu Batuetako CLIA ziurtagiria, zeinari esker test genetikoak egiteko baimena lortu baitzuen. Food and Drug Administration (FDA) erakundeak ematen du Clinical Laboratory Improvement Amendments (CLIA) ziurtagiria, entseguetako emaitzen zehaztasuna, fidagarritasuna eta puntualtasuna ziurtatzeko, edozein dela ere entsegu horiek egiten diren tokia.
CLIA ziurtagiria lortu ondoren, Progenika Inc. enpresak nahi dituen froga diagnostikoak egin ditzake bezeroen instalakuntzetan, beren laborategietara bidali beharrik gabe. Horrela bada, proiektu berri bat sortu da zeinari esker Progenika-ren plataformak bezeroen (medikuen edo asegurudunen) instalakuntzetan ezarriko baitira langile propio eta guzti. Proiektuak hasieran 10 langile izango ditu baina 2015erako 100eraino iritsiko omen da.
Fonpyme erakundearen baliabideekin egingo da Progenika Taldearen nazioarteko hedapena edo hazkundea bideratuko duen proiektu horren inbertsioaren %50. Progenika Taldeak garapen eta produkzio zentroak dauzka Bizkaiko Teknologi Parkean (eta baita egoitza ere); horiez gain, beste zentro bat dauka Massachussets-en (AEB), plataforma bat Arabiar Emirerrietan eta merkataritzarako edo Jabetza Intelektuala kudeatzeko bulegoak, berriz, Madrilen eta Londresen.