


Progenika Taldeko Proteomika enpresak eta Donostia Hospitala Mikrobiologia Zerbitzuak proteina txip bat garatu dute Streptococcus pneumoniae izeneko mikroorganismoa tipifikatzeko, zeinak hainbat infekzio sortzen baititu, horietako batzuk oso larriak, esaterako, pneumonia edo meningitisa. Txiparen helburua bikoitza da, batetik, antibiotikoen aurrean erresistentzia agertzen duten zepak identifikatzen ditu eta, bestetik, arruntak izan arren gaur egun eskura dauzkagun txertoetan sartzen ez direnak ere bai.
Txipak eskaintzen dituen emaitzak ohiko teknikekin lortutakoak baino objektiboagoak, azkarragoak eta merkeagoak dira. Berau erabiliz, tratamendu berri eraginkorragoak diseinatu ahal izango dira eta horrela, hobetu egingo da erabiltzen ditugun eta garatzen ari garen txertoen eraginkortasuna.
Txipa dagoeneko baliozkotuta dago eta lortu du Europar Batasuneko kalitate marka. PNEUMOarray® du izena eta Abyntek Progenika Taldeko beste enpresa batek banatzen du. PNEUMOarray® gailuak, beraz, gaur egun erabiltzen diren tekniken objektibotasuna hobetzen du, gailu horri esker ez baita beharrezkoa mikroorganismoak begiz identifikatzea. Gainera, azterketa egiteko behar den denbora askoz ere laburragoa da ohiko teknikekin alderatuta eta horrela, erreferentziazko zentroek zaintza epidemiologiko askoz ere intentsiboagoa egin ahal izango dute.
Proteomika 2002. urtean sortutako konpainia bioteknologiko bat da, Medikuntza Pertsonalizaturako produktuak garatu eta merkaturatzen dituena tresna proteomikoak erabiliz. Proteomika enpresaren xedea da diagnostiko ez erasokorreko sistemak garatzea edota giza gaixotasunek terapia farmakologikoaren aurrean izango duten erantzuna aurreikustea eta monitorizatzea. Gainera, ikerketa ildoetatik eta horietatik eratorritako know how-tik lortutako beste produktu batzuen erabilpen klinikoa edo farmakologikoa inplementatzen du.
Bestalde, Abyntek enpresak antigorputzak ikertzen, garatzen eta merkaturatzen ditu eta Progenika Taldeko beste enpresa batzuek garatutako array edo proteina txipen banaketaz arduratzen da.