


Proteomika euskal bioenpresak, Gurutzetako Ospitalarekin (Bizkaia) batera, teknika berri bat garatu du endometriosia diagnostikatzeko. Patologia horren ezaugarria da umetokiko ehunaren zelulak umetokitik kanpo daudela eta ugaldu egiten direla, eta horrek pelbiseko mina, menstruazio mingarriak eta ernalezintasuna sor dezake.
Martxan jarritako teknika berria endometrioko fluidoen laginetan dauden markagailuak aurkitzean datza, zeinak diagnostiko goiztiar eta ez inbasiborako erabil baitaitezke. Lagin horiek lortzea erraza da eta prozesua ez da batere mingarria, baginako zitologia baten antzekoa baita. Horrela, gaur egun erabiltzen diren teknikak nabarmen hobetzen dira, izan ere, ebakuntza kirurgikoak anestesia osoa erabiliz egiten dira.
Proteomikaz eta Gurutzetako Ospitaleaz gain, proiektuan parte hartu dute Salvat Kataluniako farmazia konpainiak eta Madrilgo Valentziako Ernalezintasun Institutuak.
Ikerketa hau 100 emakume baino gehiagotan egin da eta Human Reproduction aldizkarian argitaratu dute, giza ugalketari eskainitako ospe handieneko argitalpenean alegia. Gainera, teknika honen patente-eskaera bat ere egin da.
Proteomika, Progenika konpainiaren filiala, 2002an sortu zen enpresa bioteknologikoa da eta Bizkaiko Teknologi Parkean dago. Euskal bioenpresa honen helburu nagusia da Medikuntza Pertsonalizatuko tresnak garatu eta merkaturatzea.