

Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko hainbat adituk oraintsu bisitatu dituzte Donostiako Teknologi Elkartegian dauden CEIT eta Tecnuneko bioingeniaritzako laborategiak, Euskadin irakasten den Ingeniaritza Biomedikoko Masterraren hitzarmena bultzatzeko.
Elena de Juan doktoreak, Masterreko zuzendariak, ziurtatu du bere taldeak hasieratik apustu egin duela "bertako zein kanpoko beste alor batzuetako ikertzaile eta ingeniari onenak erakartzeko, eta bide horretatik, Ingeniaritza Biomedikoan lehiakorrak izateko". Carlos Bustamante irakaslea eta Bioingeritzako ikertzaile garrantzitsua izan da azken bisitetako bat; duela gutxi etorri ziren baita ere Christina Davis eta Sanjay Kumar senar-emazte estatubatuarrak, Kaliforniako Unibertsitateko Bioingeniaritza Departamenduko adituak, eta Tecnun eta CEIT bisitatu zituzten hiru asteko bisitaldi batean.
Kumar doktorea Masterreko Biomekanika Zelularraren ikastaroko irakaslea da eta AEBtako 100 ikertzaile onenen artean sailkatu du Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak. Presidentearen Bulego Exekutiboaren Zientzia eta Teknologia Bulegoak sustaturiko sari hori urtero ematen zaie zientzia eta teknologiaren esparruko ikerketan diharduten pertsonei eta lidergo zientifikorako gaitasuna erakutsi dutenei.
Kumar-ek berriki jaso du AEBetako Osasunaren Institutu ospetsuaren NIH Director’s New Innovator Award saria, zeinaren helburua baita ikerketa biomedikoko proposamen berritzaileenak finantzatzea aldaketa eta aurrerapen handiak lor daitezen osasun zientzietan. 2.000 proposamen baino gehiago aurkeztu ziren, eta horixe izan zen saritutako 31 lanetako bat; 1,5 milioi dolarreko laguntza jaso zuen sari horri esker.
Ingeniaritza Biomedikoko Masterrak, Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko laguntzaz gain, teknologia biomedikoko enpresa nazionalen eta nazioartekoen laguntza ere badu, zeintzuek irakaskuntzan parte hartzen duten eta ikasleei praktikak eskaintzen dizkieten euren laborategietan. Tecnunek ere Biomingeniaritzako gradua jarri du martxan 2009-2010 ikasturtean.