

CIC biomaGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroak akordio bat lortu du Ipar Amerikako LifeSensors enpresa bioteknologikoarekin produktu baten (TUBEs) ustiapen komertziala lizentziatzeko. Akordio horri esker botikak garatu ahal izango dira proteinen metabolismo arazoak dituzten patologiei aurre egiteko, esaterako, minbiziari eta baita garunaren endekapena eragiten duten gaixotasunei.
TUBEs produktua (Tandem-repeated Ubiquitin Binding Entities) oso osorik garatu da Manuel S. Rodríguez doktorearen laborategian, CIC bioGUNEko Proteomika Unitatean. Tresna berritzailea da, orain arte existitzen ez zena, zeinak atzeman eta ‘izoztu’ egiten baititu ubikitinadun proteinak (hauen funtzio nagusia da ezabatu behar diren proteinak markatzea) gero interes terapeutikoko ‘diana’ proteinak identifikatzeko.
Azken finean, ‘tranpa molekular’ bat garatu dute, patologia batean inplikatutako proteinak atzeman eta garbituz, hobeto ezagutzeko nola funtzionatzen duten funtsezko prozesu zelularretan. “Tresna horrek ez du soilik balio prozesu zelularrak ezagutzeko, baita ere patologietan ondorio onuragarriak dauzkaten drogak bilatzeko, esaterako, gaixotasun immuneetan, hanturazkoetan, garunaren endekapenezkoetan eta minbizi mota desberdinetan” baieztatu du Manuel Rodríguez doktoreak.
Ikerketa proiektua proteinak degradatzeko prozesu batean oinarritzen da, ubikitina-proteasoma izenekoan hain zuzen. Ubikitina-proteasoma Israelgo Aaron Ciechanover zientzialariak, 2004. urteko Kimikako Nobel Sarituak, deskubritu zuen, zeina CIC bioGUNEn izan baitzen 2006. urtean.
LifeSensors konpainia bioteknologikoaren espezializazioa UPS sistemako proteinen arloko teknologiak deskubritu, garatu, gauzatu eta merkaturatzea da. Farmazia mundura eta konpainia bioteknologikoetara zuzentzen da, eta baita ere oinarrizko ikerketako institutu eta zentroetara. LifeSensors enpresa lankidetzan aritzen da Progenra ikerketa zentro famatuarekin, zeina mundu mailako erreferentzia baita ubikitinaren ibilbidearen eta drogen aurkikuntzaren ikerketan.