


EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko ikerlari talde batek jardunaldi bat antolatu zuen joan den ekainaren 18an Oionen (Araba). Laugarren aldiz antolatu dute jardunaldi hau mahats eta ardoen sektoreko ikerketan izandako emaitzak erakusteko eta proiektu horietan parte hartu duten Arabar Errioxako upeltegietako ordezkariei egindako aurrerapen nagusiak aurkezteko.
Luis Ángel Berrueta doktoreak zuzendutako ikerlari taldea bi proiektutan ari da lanean 2004tik. Beren helburua da ardoaren kalitatea neurtzerakoan eragin zuzena duten bi alderdi aztertzea. Lehenak, metodo azkar eta erraza garatzen du ardoaren antozianoen edukia, hots, edariaren kolorea kontrolatzen duen parametroa zehazteko. Bigarren ikerketa proiektuan, berriz, “kriantza” ardo motaren markagailu molekularrak aztertzen dira eta, zehazki, Errioxako “Kriantza” eta “Erreserba” ardo beltz motetan dauden antozianoetatik eratorritako pigmentuek upeltegian duten bilakaera aztertzen dute.
Bi proiektu horietan islatzen da sektore publikoak eta pribatuak mahats eta ardo sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eginiko lankidetza. Sektore pribatutik Arabar Errioxako bost upeltegi handik parte hartzen dute ikerketetan: Faustino, Cune, El Coto de Rioja, Cosecheros de Labastida eta Torre de Oña eta baita ere Arabar Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA). Sektore publikotik, berriz, proiektuek Eusko Jaurlaritzako finantzaketa jaso dute, hain zuzen ere Industria, Merkataritza eta Turismo Sailetik eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik.