

Javier Meana UPV/EHUko katedradunak Psikiatriaren alorreko 2008ko Ikertzaile Onenari Saria jaso du, Espainiako Psikiatria Biologikoko Sozietatearen eskutik. Meanak Medikuntza Fakultateko Farmakologia Sailean lan egiten du eta eskizofrenia eta depresioaren tratamendu farmakologiakoari buruz eginiko ikerketengatik izan da saritua.
Psikiatriako Sozietateak bereziki saritu nahi izan du neuropsikofarmakologiako aditu honek hiru alorretan egin duen lana, eta horien artean nabarmentzen da eskizofrenia tratatzeko diana terapeutiko berri bati buruzko asmakuntza bat, Nature aldizkarian argitaratutakoa, zeinak botika antipsikotikoetarako mekanismo berri posible bat iradokitzen baitu.
“Ezusteko handia izan da, ez nuen espero, batez ere, ez naizelako psikiatra”, azaldu zuen Meanak, eta esan zuen benetan estimatzen duela bere ikerketa-lana aitortu izana. Meanaren hitzetan, “orain garrantzitsuena da ikertzen jarraitzea eta ikertzen jarraitu ahal izateko finantziazioa lortzea, hots, farmazia konpainiek garatu beharko dituzte aurkikuntza horiek egia bihurtzeko produktuak”.
Meanak ikerketa translazionala, hots, “berehala praktikan jar daitekeena” defendatzen du, eta bere lana hiru arlotan oinarritzen da: buruko gaixotasunen markatzaile diagnostikoen bilaketa eta bere substratu biologikoari buruzko ikerketa; markatzaile horien azterketa, diana terapeutiko bihur daitezkeen baloratzeko; eta botika berri izatera iritsi daitezkeenak ebaluatu eta estrategia terapeutikoak hobetzea.
Interesatzen zaizkio baita ere animalien ereduak buruko gaixotasunetan, eta ildo horretatik, industriarekin eginiko kolaborazio bat aipatzen du: eskizofreniaren eredu den arratoi transgeniko bat, zeinak besteak beste, botika antipsikotikoak testatzeko balio baitezake. Euskadiko Brainco Biopharma enpresarekin batera garatu du.
Meanak taldeko ikerketaren garrantzia azpimarratu du. UPV/EHUko taldearen arduraduna da Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroan, Buruko Osasunaren arloan (CIBERSAM), eta baita ere UPV/EHUko Garun-Bankuko arduraduna. Buruko gaixotasunak ikertzeko funtsezkoa den banku horrek 1.200 lagin baino gehiago gordetzen ditu.