SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

UPV/EHUko Oftalmobiologia Esperimentaleko taldeak Pensylvaniako Unibertsitatearekin duen lankidetza indartu du

Azaroak 27, 2009

Gustavo Aguirre eta Elena Vecino
Gustavo Aguirre eta Elena Vecino

UPV/EHUko Oftalmobiologia Esperimentaleko Taldea (GOBE) eta Pensylvaniako Unibertsitatea (AEB) lankidetzan dabiltza duela bost urtetik hona, erretinosi pigmentarioa eta begietako beste patologia batzuk ikertzeko. Elkarrekin egindako lanei esker, azken urteetan hainbat sari jaso dituzte, besteak beste, ONCE Fundazioaren Nazioarteko Lehen Saria eta FUNDALUCE, Itsutasunaren aurkako Borrokarako Fundazioaren Lehen Saria. Datozen hilabeteetan argitaratuko dira Elena Vecinok (biologia zelularrean eta histologian katedraduna) eta Gustavo Aguirrek (genetika medikuan eta oftalmologian katedraduna) zuzendutako bi taldeek (GOBE eta Amerikako unibertsitatekoa, hurrenez hurren) elkarlanean eginiko bi ikerketa.

Gustavo Aguirre doktoreak zuzendutako taldeak ekarpen erabakigarria egin du erretinosi pigmentarioari buruz daukagun ezagutzan. Begietako patologia horrek jatorri genetikoa dauka eta nahiko ezezaguna izan da luzaroan; haurtzarotik ager daiteke eta itsutasunaren arrazoi nagusietako bat da mundu osoan. Birus adeno-asoziatuekin egindako terapia genikoen garapenari buruzko ikerketei eta animalien erretinaren gainean faktore trofikoak askatzen dituzten zelula kapsulatuekin (CNTF) eginiko tratamenduen garapenari esker, ikusmena partzialki berreskuratzea lortu zuten eta, beraz, Amerikako FDA erakundeak atea ireki zien gizakiengan froga klinikoak egiten hasteko.

Erretinosi pigmentarioa tratatzeko terapia genikoaren lehen entsegu klinikoak Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan bakarrik ari dira gauzatzen.

Pensylvaniako laborategiarekin garatutako lankidetzaren markoan eta Oftalmobiologia Esperimentaleko taldeak gonbidatuta, Gustavo Aguirre doktorea UPV/EHUn izan da urrian eta hitzaldi bat eskaini zuen BioForo zikloaren barruan, 'Terapia genikoa erretinosi pigmentarioaren tratamenduan' izenburupean. Hantxe azaldu zituen Nature aldizkari zientifikoan argitaratutako terapia oftalmologiko berritzailearen sekretuak.

UPV/EHUko Oftalmobiologia Esperimentaleko taldea esan bezala, lankidetzan ari da Gustavo Aguirre doktorearekin erretinosi pigmentarioa terapia genikoarekin tratatu ondoren erretinak jasaten dituen aldaketak aztertzeko, baina, horrezaz gain, beste bi esparru nagusi ikertzen ditu taldeak: batetik, zelulen neurobabesa eta biziraupena (Amerikako Glaukomaren aurkako Borrokaren Elkarteak finantzatu duen Europako lehen taldea izan dela nabarmendu behar da) glaukoma bezalako begietako patologietan eta, bestetik, malkoaren egitura molekularra begietako patologia anitzetan, zeinari esker patologia ugariren markagailu molekularrak identifikatzera irits baikaitezke.