SPRIren logotipoa
  • Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
SPRI
Eusko Jaurlaritza
Irudi Apaingarria

UPV/EHUko eta ospitaleetako ikertzaileek melanomaren markagailu tumoral berriak identifikatu dituzte

Abenduak 4, 2009

UPV
UPV/EHUn Giza Melanoma
ikertzen duen taldea

UPV/EHUn Giza Melanoma ikertzen duen taldeak markagailu tumoral berriak identifikatu ditu eta orain terapian erabil daitezkeen molekula eta botika berriak aztertzen ari da minbizi mota horri aurre egiteko. Azken urteotan, gero eta gehiago hazten ari dira azaleko melanomak eta tumoreen aurkako botiken aurrean duten erresistentzia da minbiziari buruzko ikerketaren egungo erronka handietako bat.

Melanomaren pronostikoa eta gaitzikortasuna neurtzen duten markagailuak identifikatzea eta tumore-zelulen aurkako botika berriak garatzea, horiek dira UPV/EHUko Giza Melanoma ikerketa taldearen bi ikerketa ildo nagusiak. Aipatu talde horretan badira oinarrizko ikertzaileak (Biologia Zelular eta Histologia Sailekoak, Maria Dolores Boyano eta Aintzane Asumendiren taldekoak) eta baita ere espezialista klinikoak, esaterako, Jose Luis Diaz Perez eta Careaga doktoreak, Gurutzeta Ospitaleko eta Basurtuko Ospitaleko Dermatologia Zerbitzuetakoak hurrenez hurren.

Garaiz diagnostikatzen bada, melanomaren garapen tumoralak pronostiko ona dauka normalean. Nolanahi ere, tumorearen portaera oso erasokorra izan daiteke eta pazienteen heriotza eragiten duten metastasiak sor daitezke gainera; horregatik da hain garrantzitsua melanomaren diagnostiko goiztiarra egitea.

UPV/EHUko taldeak pronostikorako markagailuak ikertzen ditu eta prozesu tumoral horrekin zuzenean lotutako proteinak identifikatzen ditu. Melanomadun pazienteek eta pertsona osasuntsuek dauzkaten proteinak alderatuz, progresio gaiztoa aurreikusteko faktore berri bat identifikatu ahal izan da: interleucina-2 deiturikoaren hartzaile solublea.

Gaur egun, taldeak ikertzen darrai analisi masiboko teknikak erabiliz (bai maila genomikoan eta baita proteomikoan ere) eta hainbat gene eta proteinaren azterketa sakonagoa egiten ari da, zeren beren ustez ez baitago gizaki bakoitzarengan gaiztotasuna aurresan dezakeen markagailu proteiko bakar bat, multzo bat baizik. Tumorearen progresio gaiztoaren adierazle izan litezkeen markagailu horiek baliagarri izan daitezke etorkizunean pazienteei eskainiko zaien terapia modulatzeko.

UPV/EHUko Giza Melanoma taldeak, gainera, melanoma jasan dezaketen geneak ere bilatzen ditu. Pertsona bati melanoma bat diagnostikatu baino lehen, berau jasateko arriskua duten geneak ezagutzen badira, prebentzio neurri pertsonalizatu eta egokiak hartzeko gai izango ginateke eta melanomaren jarraipen medikua egiteko ere bai. Helburu horrekin ari dira elkarrekin lanean UPV/EHUko taldea eta Santos Alonso doktorea, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia, Fisika eta Animalien Fisiologia Sailekoa.

Halaber, ikerketa taldeak terapiarako erabil daitezkeen molekula eta botika berriak ere ikertzen ditu eta sentikortasun eta erresistentzia markagailuak identifikatzen ari dira. Gizakiak kimioterapiarekiko erresistentzia hartzen du eta hain zuzen hori da terapia horren arazo nagusietako bat; horregatik, ikerketak estrategia terapeutiko berriak bilatzen ditu minbizia tratatzeko.