• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
  • BioBasqueeko erabiltzaileak
Gobierno Vasco Spri
Irudi Apaingarria

UPV/EHUren ikerketa bat, Journal of American Chemical Society-aren “top 20”-en artean

Martxoak 1, 2010

EHU
UPV/EHU-ko Kimika Organiko I-eko
Departamentuaren talde lana

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Kimika Organiko I-eko Departamentuaren ikerketa bat aukeratu dute Journal of the American Chemical Society aldizkariaren editoreek organokatalisiaren arloan, metalik gabe katalizatutako erreakzio organikoak aztertzen dituena, azken urteotan argitaratu dituzten artikulurik onenak bildu dituen katalogoan.

Claudio Palomo irakasleak zuzendu zuen eta sei ikertzailek burutu zuten aukeratutako ikerketaren bitartez, organokatalisi bidez konposatu bioaktibo ugaritan dauden pribilegiozko unitateak osatzen dituzten diaminak edo aminoazidoak lortzen dira, besteak beste.
Gaur egun erabiltzen diren substantzia kimiko gehienak (intsektizidak, sendagaiak, produktu kosmetikoak) sintesi kimiko bidez lortzen dira. Gutxiago kutsatuko duten eta jasangarriagoak diren sintesi-prozesuak lortzeko, katalizatzaile deritzen konposatu kimiko zehatzak garatzen dituzte zientzialariek, jatorrizko produktuak produktu berriak bihurtzea ahalbidetzen dutenak.

Organokatalisiak metalik ez duten katalizatzaileak erabiltzen ditu. Ondorioz, azkarrago ekoiztu daiteke, eta gutxiago kutsatzen da. Asko garatu da diziplina hori azken urteotan: 2000 urtean, adibidez, dozena bat lan besterik ez ziren argitaratu eremu horren inguruan. 2009an, aldiz, 1.000 artikulu inguru izan ziren.

“Oso pozik gaude gure ikerketa lan bat kimikako aldizkari garrantzitsuenetariko batean argitaratzeko onartzen duten bakoitzean. Gainera, editoreek aukera batean sartzea erabaki badute, are gehiago”, dio 2008an Euskadi Ikerketa Saria jaso zuen Claudio Palomok.
Ikerketa taldea organokatalisia burutzeko modu efikazagoak eta praktikoagoak aurkitzeko dihardu lanean, eta erreakzio anitzak eragiteko katalizatzaileak lortu nahi dute, erreakzio bakarra lortzeko katalizatzaileen ordez.