


EAEko Vacunek enpresak PathoProofTM (Finnzymes) produktu berria atera du Espainiako merkatura; detekzio kit horrek behien mamitis gaitzean gehien agertzen diren 11 patogenoak identifika ditzake eta baita ere β-laktamasa genea, penizilinarekiko erresistentea dena. Mamitisak ugatz-guruina handitzen du eta ondorioz galera ekonomiko handiak eragiten dizkie esne-behi ganadua ustiatzen duten abeltzainei. Horregatik, garrantzitsua da metodo modernoak izatea gaitza azkar detektatzeko, behar bezala zaintzeko eta, ildo beretik, eragin negatiboak murrizteko.
Vacunek enpresaren metodoak zehatz-mehatz eta 4 ordu baino gutxiagoan identifikatzen ditu mamitisa eragiten duten bakteria nagusiak: S. aureus, estafilokoko koagulasa-negatiboa, S. agalactiae, S. dysgalactiae, S. uberis, E. coli, C. bovis, A. pyogenes edota P. indolicus, S. marcescens eta Enterococcus eta Klebsiella espezieak. Gainera, antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak ere detekta ditzake eta horri esker, berehala erabaki liteke zein den tratamendurik egokiena.
Vacunek enpresak Neiker-Tecnalia zentroko Animalien Osasun Laborategiarekin dihardu lanean, kit hori behi-esne laginen (indibidualak edo esne tankeetakoak) diagnostikoa egiteko tresna berritzaile bezala ezartzeko.
Kita, optimizatuta dago mamitis kliniko edo subklinikoa daukaten esne lagin konplexuak aztertzeko, eta PCR (polimerasaren kate-erreakzioa) teknikan oinarritutako produktu ildo propioen multzoan sartzen da. Biologia molekularreko teknika hori denbora errealean egiten da; horri esker bakterio-kultura osatu edo ordezkatu liteke eta diagnosi bat egin 4 ordu baino gutxiagoan. Entsegua azidiol edo bronopol substantziekin mantendutako esne laginetan egin liteke eta emaitza fidagarriak ematen ditu bakterio-kulturarekiko erresistente diren lagin gehienetan; hori bereziki erabilgarria da eskala handiko esne laginak aztertzen direnean.
Vacunek Neiker-Tecnalia-ren spin-off bezala sortutako enpresa bioteknologikoa da; 2006ko maiatzean jaio zen animalien osasun esparruan garatutako hainbat teknologia enpresen sektorera transferitzearen emaitza gisa. Bere jarduera nagusia tresna eta teknologia berriak lortzea da, zeintzuei esker ganadu ustiategietako produktibitatea hobetu baitaiteke. Horretarako, paratuberkulosiaren aurkako txerto-ildo berri bat ikertzen eta garatzen ari dira, eta halaber diagnostikoa egiteko teknika eta tresna molekularrak garatu eta prestatzen dituzte, zeintzuk gai izango baitira animalien gaitz infekziosoak garaiz geldiarazteko eta gizakientzako izan ditzaketen arriskuak eta ganaduzaleen galera ekonomikoak saihesteko.