

Belgikako Valonia eskualdeak adierazi du Euskadi lehentasunezko merkatua izango dela 2010ean, eta bioteknologia da enpresen arteko trukea sustatzeko aukeratutako sektoreetako bat. Valonian nahiz Euskadin bioteknologia, bereziki, eta bizitzaren zientziak, oro har, hazkunde-aldian daude.
Bi bioeskualdeak -Euskadiko BioBasque Agentzia eta Valoniako Biowin- eta erakundeetako zenbait ordezkari lanean ari dira 2010eko udaberrirako lehen ekitaldia prestatzeko, eta gainera aurrera jarraitzen dute lehenago egin zituzten kontaktuekin.
AWEX, Valoniako Ekonomi eta Merkataritza Ordezkaritzaren lehen urteurrenaren ospakizunean, hain zuzen, irailaren 24an Bilbon egin zen ekitaldi batean jakinarazi zen Euskadi lehentasunezko merkatutzat hartuko zela. Ekitaldi horretan, Frédéric Biava Valonia Eskualdeko Ekonomi eta Merkataritzako kontseilariak jakinarazi zuen AWEX-ek Europako bi eskualde horien enpresa bioteknologikoen arteko trukea sustatuko duela Euskadin.
Frédéric Biava-k azaldu zuenaren arabera, “Valonia eta Euskadik goi-mailako ETEak eta kluster dinamikoak dituzte, baina ez dute elkar ongi ezagutzen. Euskadi lehentasunezko merkatu aukeratu dugu, kontuan hartu baitugu bi eskualdeek antzeko garapen profila eta xedeak dituztela". Zentzu horretan, Biava-k jakinarazi zuen “2010ean ekitaldi garrantzitsu bat egingo dela, negozio aukerak eta lankidetza akordioak sustatzeko Valoniako eta Euskadiko bizitzaren zientzien eta bioteknologiaren sektoreko eragileen artean (enpresak, klusterrak...).
2008ko urrian Bilbora iritsi zenetik, Valoniako ekonomi eta merkataritza ordezkaritzak zubi-lana egin du bi eskualdeetako erakunde, enpresa, kluster eta parke teknologien arteko harremana errazteko.