


Ysios Capital Partners arrisku kapitaleko sozietateen kudeatzailea bioteknologiako enpresetan espezializatuta dago, eta Donostian eta Bartzelonan dauzka egoitza nagusiak. Nazioarteko beste lau inbertsiogilerekin batera, Ipar Amerikako BioVex konpainiaren kapital zabalkuntzan parte hartu du, eta azken hau minbiziaren eta gaixotasun infekziosoen prebentziorako eta tratamendurako produktuak garatzen espezializatuta dago.
Zabalkuntza horretan baita ere parte hartu dute lehenagotik enpresan inbertsioak eginda dauzkaten enpresa espezializatuek, esaterako, Forbion, Scottish Equity Partners eta Credit Agricole Private Equity-k. Zabalkuntza 70 milioi dolarrekoa izan da eta, beraz, aurten nazioartean egin den operaziorik handienetako bat bihurtu da arrisku kapital bioteknologikoaren esparruan.
Ysios Capital Partners erakundearekin batera, lehen mailako beste inbertsiogile batzuek (adibidez Morningside Venture, MVM Life Science Partners, Ventech eta Sectoral Asset Management) ere parte hartu dute operazio horretan eta, beraz, BIoVex enpresak aukera izango du OncoVEX medikamenduaren III. faseko ikerketa klinikoak osatzeko. Botika hori birus onkolitiko bat da, melanoma atzerakaria eta metastasikoa tratatzeko garatu dutena; arrakastaz gainditu ditu orain arte egindako entsegu guztiak, hain zuzen, duela gutxi Journal of Clinical Oncology aldizkarian argitaratu direnak.Gainera, BioVex enpresak diruaren zati bat bideratuko du produktu honen merkaturatzea baino lehenagoko fasea finantzatzera. Philip Astley-Sparke BioVex-eko presidente eta kontseilari delegatuaren esanetan, “operazio hau mugarri bat da historiaren konpainian, izan ere, finantzarioki indartu egin gaitu eta, beraz, behar adinako finantzaketa daukagu OncoVEX botikarekin melanoma metastasikoari buruz egin beharreko azken funtsezko ikerketa osatzeko eta gero FDA erakundeari OncoVex merkaturatzeko lizentzia eskatzeko 2011. urtearen erdi aldera”.
BioVex enpresako inbertsio hau Ysios-ek "Ysios BioFund I" funtsa erabiliz egin duen hirugarrena da. Hain zuzen, horixe da Espainiako merkatuan bioteknologian espezializaturik dagoen arrisku kapitaleko funtsik handiena.
Ysios arrisku kapitaleko sozietatea laugarren inbertsioa prestatzen ari da, eta ekitaldi hau amaitu baino lehen egin nahi du gainera. “Baliteke urtea amaitu baino lehen inbertsioren bat egitea analisi fase aurreratuan dauzkagun Espainiako enpresa bioteknologikoren batean; guztiak ere, orain arte egin ditugun hiru inbertsioak baino garapen etapa goiztiarragoetan daude, baina produktuetara bideratutako negozio ildoa dute oinarri eta balioa sortzeko aurreikuspen handiak iragarri dizkigute. Hori dela eta, beste inbertsiogile espezializatu batzuk gonbidatu ahal izango ditugu finantzaketa errondetara”, azpimarratu du Julia Salaverríak, Ysios-eko bazkide batek.