• Hasiera
  • Informazioa
  • Web Mapa
  • Imprimaketa
  • Harremana
Gobierno Vasco Spri 2008, berrikuntza urtea Euskadin
Irudi Apaingarria

Bioklusterraren ezaugarri nagusiak

Biozientzien euskal sektoreak nabarmen egin du gora; BioBasque 2010 estrategia abian jarri zenetik, enpresa berri bat sortzen da hiru hilean behin. 65 enpresa (gehienak bioenpresak) sartuta daude bioeskualdean eta denek egiten dute I+G-ren aldeko apustu irmoa, izan ere, enpresa guztiek helburu komuna daukate: lehiakorrak izatea maila globalean. Sektoreak 1.300 langile ditu eta 300 milioi euro baino gehiago fakturatzen du. Kopuru horiek bost aldiz handitzen dira biziaren zientzietan interes handia daukaten enpresak (I+G-n oso aktiboak ez direnak, batez ere, bioteknologiako erabiltzaileak diren enpresak) kontuan hartzen baditugu.

Osasunaren alorrak biltzen ditu enpresa, I+Gko inbertsio eta diru-sarrera gehienak. Enpresa askok balio biofarmazeutikoaren katean dihardute: aurkikuntza, diagnostikoa eta baliozkotzea, garapena, entsegu klinikoa eta baita ere merkaturatzea. Badira biomarkatzaile eta diagnosietan indartsu dabiltzan enpresak, baita Pertsonalizatutako Medikuntzan dihardutenak ere. Beste enpresa batzuk, erakunde kimiko berriak garatzen dituzte, in vivo egiten dute baheketa intentsiboa, gaitasun terapeutikoak dituzten biomolekulak ekoizten dituzte, CRO-ak dira edota software bioinformatikoa merkaturatzen dute.

Hirugarren enpresa talde bat medikuntza birsortzailean, biomaterialetan, gailu medikoetan, ortopedian eta inplantologian aritzen da. Horietako batzuk nanobioteknologiatik eratortzen diren aplikazio berriak, artean farmakoen liberalizazioa, garatzen ari dira.

Osasunaren alorraz gain, badira beste enpresa batzuk industri bioteknologia erabiltzen dutenak askotariko sektoreetako produktuak edo prozesuak merkaturatzeko, adibidez, nekazaritzako elikagaien sektorekoak, kosmetika, kimika, industria eta ingurumenekoak. Geroz eta enpresa gehiagok garatzen dituzte biosentsoreak eta horrekin lotuta dauden ekipoak. Enpresa horiek oinarri bezala hartzen dute bioeskualdeak eskaintzen dizkien gaitasunak, besteak beste, laneskua, ingeniaritza eta teknologia bateratuak.

Bioklusterra indartu egiten da sortzen diren enpresa berriekin; start-ups berri horiek batez ere sektore pribatuan (% 40) sortzen dira, baita unibertsitatean eta ikerketa zentroetan ere (% 30). Horrek esan nahi du EAEn tradizio ekintzaile handia dagoela oinarri ikertzaileaz gain.

Sektore honetako enpresa egitura gaztea den arren, heldutasuna lortzen ari da eta start-up-ak dagoeneko ezarrita dauden eta dibertsifikazio prozesuekin hasi diren enpresen osagarri bezala agertzen dira. Era berean, “seriean ekiteko” fenomeno batzuk ematen ari dira. Argi ikus daiteke hori lehen “bio” enpresa taldeen sorreran, adibidez: Progenika eta Noray BG.

Bioklusterrean biziaren zientzietan adituak dituzten enpresak ere badaude, eta horien artean lege eta finantza aholkularitzan, jabetza intelektualean, aholkularitzan, ingeniaritzan eta eraikuntzan adituak direnak aipa ditzakegu.