

Plataforma hauek estrategikoki garatu dira puntako instalazioak biltzeko eta berariazko alorretan masa kritikoko ikerketa aurrendaria ahalbidetzeko. Zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituzte hezkuntza munduko ikertzaileentzat eta ikertzaile pribatuentzat.
Genotipadoa: Genotipadoaren plataformak nazioarteko elkarteen esku jartzen ditu teknologiarik aurreratuenak. CIC bioGUNE-ren (plataformaren koordinatzailea), Euskal Herriko Unibertsitatearen eta enpresen artean sortutako plataforma bat da. Plataforma hau erabili da, adibidez, bertako euskal biztanleen aldaera haplotipikoa aztertzeko eta HapMap partzuergoak deskribatutakoekin alderatzeko (http://www.hapmap.org). Beste proiektu batzuek SNPak (Single Nucleotide Polymorphism, ingelesez) gaixotasunekin duen lotura ikertzen dute, baita ere zein den genetikaren eragina I. motako diabetes mellitus-ean, esklerosi anizkoitzean, NASHean edo Alzheimer-ean. Genomika Funtzionalak eskaintzen dituen aukerak eta geneen funtzioen eskala handiko ikerketak Isilarazpen Genikoko Plataforma batekin osatzen dira. Plataforma horrek RNAren eragina aztertzen du animalietan eta zeluletan.
Biologia Estrukturala: CIC bioGUNEko Biologia Estrukturalerako Plataforma puntako instalazio bat da. Bertan, Erresonantzia Magnetiko Nuklearra, Mikroskopia Elektronikoa eta X Izpien Difrakzioa egiteko beharrezkoa den guztia dago. Zientzialari eta enpresen elkarteen esku dago. Bertan, proteinen konplexuak aztertu eta motor molekularrak miatu daitezke, baita komertzialki interesgarriak diren entzimen ezaugarriak hobetu ere.
Irudi molekularra: SPECT, PET, MRI eta fluoreszentzia gaitasunak dituen plataforma berezia. Animalia txikiak erabiltzen ditu eta batez ere irudi teknika berriak garatzen ditu, besteak beste, farmakoen gailu kontrolatuak, zuzendutako tratamenduak eta diagnostikoak alderatzeko teknikak aztertzeko. Plataforma hau CIC biomaGUNEn kokatuta dago eta 2008an martxan egongo da.
Biobankua: Ikerketa biomedikoaren gunea. Bertan, osasun sistemaren eta EHUren laginak gordetzen dira eta gainera, Odolaren Euskal Zentroaren datuak eta biztanleen datu-basea, estatistikak eta ikerketa epidemiologikoak eskuratu daitezke. Biobankuan lagin mota ezberdinak aztertzen dira (ADN, tumoreak, zelula eta zuntzak, etab.). Gainera, EHUko Garunen Banku bereziaren datuak erabiltzen ditu. Garunen Banku hori Europa eta Estatu Batuetan garuna ikertzen duten zortzi bankuetako bat da.